Trena eta takilak defendatzeko eta AHTari ez esateko martxa eginen dute Ziorditik Altsasura
Sakana Trenaren Alde AHTrik EZ plataformak Ziordia eta Altsasu artean hurrengo larunbatean martxa bat antolatu dute. Martxan AHTaren obrak eta trenaren zerbitzuen itxierak salatuko dituzte eta ohiko trena bultzatu behar dela aldarrikatuko dute. Goizeko 12:00etan Altsasuko tren geltokian leihatilaren itxieraren aurkako elkarretaratze bat egingo dute, eta 13:00etan Altsasuko udaletxearen aurrean AHTren aurka.
2020-ko otsailak 5
Orain dela gutxi ikusi dugunez, trena desmantelatzeko bidean pausu bat haratago joan dira. Izan ere, Estatuan 150 geltokitako leihatilak itxi dituzte, horietako 3 Nafarroan, Kastejon, Tafalla eta Altsasuko geltokietan, hain zuzen ere. Itxieren ostean hainbat ordezkari politikok gertaera hau salatu dute, neurriak bilatuko dituztela esan eta baita takilen aktibitatea berrezarriko dutela agindu ere, tartean alkate batzuen protestak gehitu zaizkielarik. Kontua da, hala ere, aipatutako 3 geltokietako leihatilek gaur egun itxita jarraitzen dutela.
Abiadura Handiko Trena Nafarroako Erriberan eta Erdialdean batzuek txalotu izateaz gain, gure lurraldean ere begi onez ikusia izan da batzuengandik. Izan ere, Javier Ollok, Altsasuko alkateak, aurreko legealdian “AHTaren etorrera ospatzen” zuen, baita Altsasun bertan geltoki bat eraikitzea proposatu ere. Orain Nafarroako Parlamentuko lehendakari den Unai Hualde altsasuarrak, era berean, bailaran horrenbeste kalte egingo duen azpiegitura hau defendatu izan du.
Ondorioak anitzak izan arren, arrazoi berberak dakartzala azpimarratu beharra dago. AHTak xahututako dirua ezin bahit da orain erabiltzen dugun trena mantentzeko erabili. AHTaren eraikuntzarako bideratutako dirutzak tren arruntaren mantenimenduan murrizketak egitea eta zerbitzuak gutxitzea ekartzen du, bai ala bai. Estatu mailan AHTa martxan den tokietan gertatu izan dena Nafarroan ere gertatzen ari dela ikus dezakegu, zerbitzuen murrizketa, landa eremuko hainbat geltokiren itxiera, etab.
Agerikoa da, beraz, AHTa eraikitzeak eta martxan jartzeak tren arruntaren desmantelazioa eta bertan behera uztea dakartzala. Argi eduki behar dugu hiri eta herrien arteko bidaiarien garraio zerbitzua eta merkantziak garraiatzeko aukera tren arruntak baino ez dituela bermatzen.
Honenbestez, egoerarekin konforme ez gaudela adierazteko momentua iritsi dela uste dugu. Beraz, otsailaren 8an antolatutako martxan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Ziorditik 9:30tan abiatu, Olaztitik igaro (herriko goialdean AHTak Urbasako portuan eragingo dituen kalteak azaltzeko etenaldia egingo da) eta Altsasuko geltokirantz jarraituko dugu, non 12:00tan leihatilaren irekitzea aldarrikatzeko elkarretaratzea egingo den. Azkenik, ibilaldiak 13:00tan amaiera izango du Altsasuko Udaletxe parean. Bertan, Altsasuko alkateari AHTari uko egin eta trena defendatzeko eskaera egingo diogu.