Torturatuen Sareak ikerketa ofizial, independente eta profesionala eskatu du Nafarroako Parlamentuan
Nafarroako Torturatuen Sareak Foru Parlamentuan talde politiko guztien aurrean egindako agerraldian bere helburu eta ibilbidearen berri emateaz gain, torturak azken hamarkadetan eragin duenaren inguruko ikerketa ofizial, profesional eta independente bat eskatu du, eta ekainaren 25an Iruñean egingo duen manifestazioan parte hartzeko deia egin du.
2022-ko maiatzak 20
Jorge Chocarrok eta Ainara Gorostiagak Nafarroako Torturatuen Sarearen izenean agerraldia egin dute gaur Foru Parlamentuko Herritarrekiko Harremanetarako Batzordean. Chocarro 1996an atxilotu eta torturatu zuen Polizia Nazionalak, eta 2002an Guardia Zibilak. Bestalde, Gorostiaga 2002an torturatu zuen Guardia Zibilak, inkomunikazio aldian.
Talde parlamentarioei azaldu dietenez, Torturatuen Sarea sortzea erabaki zuten Nafarroan azken 6 hamarkadetan izan den zigorgabetasunarekin amaitzeko garaia delako eta torturaren egiak behingoz argitara atera behar duelako. “Elkarteak torturatuen bozgorailu izan nahi du, Nafarroan torturak eta tratu txarrak jasan dituzten ehunka pertsonei ahotsa emateko eta gure artean zaintzeko”. Bere zeregin nagusietako bat Nafarroako Estatuko Segurtasun Indarrek torturatutako eta tratu txarrak jasandako pertsonen kopuruari buruzko errolda ahalik eta zabalena eta zehatzena egitea da. Gainera, pertsona horien guztien aitortzaren alde lan egiten du, mota guztietako ekimen sozial, politiko eta instituzionalen bidez.
«Gaur egun bildu ahal izan ditugun datuen arabera, mila pertsona inguru gara 60ko hamarkadatik Nafarroan Estatuko Segurtasun Indarrek eragindako oinaze fisiko edota psikologikoa pairatu dugunok», esan dute Foru Ganberan. “Eta badakigu hori, diktadura garaitik praktika orokorra izan denez, bertako zein nazioarteko hainbat elkartek salatu, judizializatu, dokumentatu eta ikertu dutelako”, argitu dutenez.
Datu nabarmenen artean, Espainiako indar polizialek atxilotu ondoren hil ziren bi nafarrak: Antonio Goñi Igoa, 1970ean Espainiako Poliziak 18 egunez torturatu ondoren bere buruaz beste egin zuena, eta Mikel Zabalza, 1985ean hil arte Guardia Zibilak torturatu zuena. Gogora ekarri dituzte, halaber, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzeagatik Espainiako Estatuaren aurka emandako epaia, eta auzitegi horretako beste 4 kondenak Oihan Ataun, Jon Patxi Arratibel, Xabier Beortegui eta Iñigo Gonzalezen tortura salaketak ez ikertzeagatik. Horrez gain, Torturaren Prebentziorako Komiteak 2011n egindako txostena aipatu dute, hainbat pertsonaren torturen testigantzari sinesgarritasuna ematen ziona, tartean 3 nafarrena.
Agerraldian, eta hori guztia azaltzen zen bitartean, Ainara Gorostiagak Guardia Zibilaren esku egindako atxiloketan jasandako torturen testigantza tartekatu du.
Ondoren, Gorostiaga berak gogorarazi du Sareak ikerketa ofizial, profesional eta independente bat aldarrikatzen duela, Nafarroan torturaren zenbat biktima dauden argitzeko eta errekonozimendurako eta erreparaziorako mekanismoak ezartzeko eta ez errepikatzeko bermeak emateko.
Torturatuen Saretik eskerrak eman nahi izan dizkiete talde parlamentarioei “agerraldian erakutsitako errespetuagatik eta enpatiagatik”, eta uste dute “horrek lagundu egiten duela Nafarroan torturatutako pertsonak aitortzeko eta erreparatzeko bidean oinarri sendo bat eraikitzeko eta adostasunak zabaltzeko”.
Ekainak 25an hitzordua Iruñean
Torturatuen Sareko kideek gogoratu dutenez, datorren ekainaren 25an Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Egunaren bezperan, manifestazioa egingo da Iruñean. Arratsaldeko 18.30etan abiatuko da Baluarte Plazatik. Pasa den maiatzaren 9an, Nafarroako kultur arloko hainbat sortzaileek manifestu bat kaleratu zuten manifestazio honi atxikimendua emanez.