Torturaren aurkako manifestazio nazionala eginen da larunbatean Bilbon

Manifestazioa arratsaldeko 17.30etan abiatuko da Plaza Eliptikotik.

2017-ko martxoak 7

Egiari Zor Fundazioak igandean Bilbon hainbat belaunalditan eta polizia ezberdinen eskutik torturak jaso dituzten lagunak  elkartu zituen datorren larunbatean eginen den manifestazioari atxikimendua emateko eta Euskal Herrian izandako tortura kasuak iker dadila eskatzeko.

Ikerketa hori egin gabe denbora gehiegi pasatu dela eta horregatik, “gehiago itxaron gabe” ikerketa arlo guztietan abiatzeko eskatu zuten. Adibidez, gogora ekarri dute tortura salatu duten askok beren burua errudun jo dutela inkomunikatuta zeuzkaten garai horretan, eta beste batzuk ere erruduntzat jo dituztela. Gainera, adierazpen horiek froga bakartzat hartuta zigortutakoak ugari direla azpimarratu dute, eta ez zaie iruditzen hori besterik gabe pasatzen utzi behar denik. Ikertu, aztertu, aitortu eta erreparatu egin behar dela exijitu dute. “Biktimarioentzat eta haien arduradun politikoentzat neurriak hartzea ere eskatzen du egiak”.

Beraien burua torturaten biktimatzat daukate, eta ohartarazi dute, torturak sortutako kaltearen arrasto txiki bat besterik ez direla. Horregatik, beren burua Istanbuleko Protokoloa aplikatzeko prestatu dute. Protokolo horrek pertsonaren ondorioak aztertzen ditu, haien jatorrian tortura egon den edo ez frogatutzat emateko. Hainbat ikerketetan erabiltzen da.

Nazioarteko zuzenbidean tortura krimentzat jotzen dela ekarri dute gogora. “Baina hemen, memoria daukagunetik torturatu egiten da”, salatu dute. Hala, gogora ekarri dute, hemendik bi astetara lau guardia zibil epaituko dituztela Sandra Barrenetxea torturatzea egotzita. Barrenetxea duela sei urte atxilotu zuten beste zortzi lagunekin batera, Ekinekoa zelakoan. Atxilotuek tortura jasan izana salatu zuten, eta gehienek tratamendu psikologikoa behar izan zuten ondoko urteetan.

Gehiago