Topatuko hiru kide auzipetu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak

Urriaren 7an Madrilen deklaratu beharko dute, Gazte Danbadako ekitaldiaren inguruko informazioa zabaltzeagatik. Adierazpen askatasuna eta herri komunikabideen aurkako beste eraso bat dela salatu dute.

2014-ko urriak 1

Espainiako Auzitegi Nazionalak ‘Topatu.info’-ko hiru kide inputatu ditu Gate Danbadako ekitaldi politikoaren inguruan informatzeagatik. Euskal Herrian deklaratzeko egin duten eskaerari uko egin dio auzitegiak, eta urriaren 7an, asteartea, Madrilera joan beharko dute Eloy Velasco epailearen aurrera.

2013ko martxoaren 29tik apirilaren 1a bitarte Urduñan ospatu zen Gazte Danbada jaialdian egindako ekitaldi politikoaren inguruan informatzeagatik deitu ditu deklaratzera Eloy Velasco epaileak inputatu gisa. Ekitaldian hitza hartu zutenek espetxean hil zen Xabier Lopez Peña preso politikoa izan zuten gogoan, eta ‘terrorismoari gorazarre’ egin ziotelakoan auzipetu zituen Velascok Ernai gazte antolakundeko hainbat kide.

2014ko martxoan Auzitegi Nazionalak ekitaldiko hitzartzeak eta laburpena biltzen zituen bideoak ezabatzeko agindu zuen, kasu egin ezean webgunea itxiko zutela mehatxu eginez. Agindua prentsa askatasunaren aurkako eraso bat iruditu arren, bideoak ezabatu zituzten, webgunea ixteak ekarriko lituzkeen kalteak kontuan hartuz. Baina, epailearen aginduari kasu egin arren, proiektuko hiru kide auzi berean sartu ditu delitu bera leporatuz, informazio hori zabaltzean haiek ere ‘terrorismoa goratu’ dutelakoan.

Topatuk prentsa ohar bat kaleratu du, Euskal Herrian prentsa askatasunaren aurkako erasoak eta zentsura kasuak eguneroko ogia bilakatu direla azpimarratuz. "Ez da laburra Madrilek agindu arin batekin eta inpunitate osoz itxi dituen komunikabideen zerrenda: Egin, Egin Irratia, Ardi Beltza, Egunkaria, Kale Gorria, Apurtu, Gaztesarea, Burlata Herria, Ateak Ireki… Informazio eskubidea delitu bilakatu nahian, herri honek egunero eraikitzen duen oraina eta etorkizuna manipulatu nahi dituzte borrokak zein proiektuak isilaraziz. Herri ekimeneko komunikabideak gara herritarren errelatoa plazaratzeko lan egiten dugunak, eta horregatik gaude beraien jopuntuan", salatu dute.

Topatu.info-ko kideen esanetan, "kontatzen duguna gustuko ez dutelako" jartzen dituzte oztopoak herri komunikabideek egiten duten lanari. "Eta kontatzen duguna kontrolpean izateko jarri nahi du indarrean Espainiako Gobernuak Prentsa Lege berria, oniritzia botereari eskua emanda lan egiten duten hedabideei soilik emanez", adierazi dute.

Tpatu.info azken bi urte hauetan apustu handia egin du gazteon proiektu komunikatibo hau sendotu eta gazte guztion zerbitzura egongo den kalitatezko komunikazio sare bat osatzeko. "Prentsa eta adierazpen askatasuna zentsuraz moztu nahi badituzte ere, oraina guk geuk kontatzen jarraituko dugu", iragarri dute.

 

Gehiago