‘Bakegileak’ absolbitzeko eskatu dute sindikatu eta eragileek

Txetx Etxeberri eta Beatrice Molle errugabetzeko eskatu dute, Parisen egingo den epaiketaren harira. Apirilaren 3an elkarretaratzeak eginen dituzte Euskal Herriko hiriburu guztietan, Iruñekoa eguerdiko hamabietan izanen da udaletxeko plazan. ETAren armagabetzearen auzian egindako lana babestu eta eskertu dute Foro Sozialeko parte diren sindikatu, ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru eta eragileak, tartean, Sare Herritarra, Bilgune Feminista, Etxerat, Egiari zor eta Bakea eta Duintasuna.

2024-ko martxoak 27

“Armagabetzearen auzian euskal jendartearen inplikazioa beharrezkoa izan zen, eta hala da gatazka armatuaren konponbiderako beharrezkoak diren gainerako eginbideetan ere”, adierazi dute agerraldi bateratuan Foro Soziala osatzen duten sindikatuetako ordezkariek eta gizarte alorreko eragileek. Gogorarazi dute biktima guztien aitortzan, memoria eta egiarako eskubidean eta presoen gizarteratzean oraindik badaudela eman beharreko pausoak, eta, adibidez, euskal presoei oraindik “salbuespenezko legeria” aplikatzen zaiela.

Txetx Etxeberriren eta Beatrice Molleren kontrako epaiketa “zentzurik gabekoa” dela, eta haientzako absoluzioa eskatu dute. Uste dute “garrantzi politiko eta sozial handiko ekinbidea” izan zen ETAren armategia desegiten hastea, eta lagundu zuen prozesua “azkartzen” eta “aukera berriak zabaltzen”. Euskal Herrian bakea lortzeko prozesua “ezohikoa” izan zela gaineratu dute: “Bi estatuetako egitura politiko, juridiko eta polizialek, prozesua erraztu ordez, oztopoak jarri zizkioten; eta euskal eragileak eta jendartea izan ziren aurrerapausoak eragin zituztenak”. Iritzi dute oraindik ere eskema hori errepikatzen da beste zenbait arlotan: adibidez, biktima guztien aitortzan.

Parisko epaiketa ere “bakea eraikitzeko prozesuari jarritako oztopoen adibidetzat” jo dute, eta bi bakegileen absoluzioa eskatu dute. Apirilaren 3an mobilizazioak eginen dituzte Euskal Herriko hiriburu guztietan: Iruñean udaletxe plazan izanen da elkarretaratzea 12:00etan.

Gehiago