“Tartalarien Auzia”: 14.400 euro espetxea sahiesteko

Julio Villanueva Mugituko kideak 14.400 euroko isun bat ordaindu beharko du espetxera ez joateko Yolanda Barcinari tartazo bat emateagatik AHTren aurkako protesta batean. Dirua biltzeko kontu korronte bat zabaldu dute: 3035.0068.08.0680058591 Basagure taldea (Laboral Kutxa).

2015-ko uztailak 16

Julio Villanueva AHTren aurkako Mugitu! mugimenduko kidea espetxean ez sartzeko 14.400 euro ordaindu beharko luke. 2013ko akaberan Auzitegi Nazionalean epaitua izan zen beste 3 kideekin batera Yolanda Barcinari tarta bat botatzeagatik. Handik hamar egunera, Fernando Grande Marlasca buru zuen auzitegiak zigor-epaia atera zuen tartalari bakoitzari bina urteko kartzela zigorra eta 900€-ko isuna ezarriz. Laugarren pertsona bat ere zigortua izan zen beharrezko laguntzaile izan zelakoan urtebeteko kartzela zigorra eta 300€-ko isunarekin. Era berean, lau pertsona hauek Yolanda Barcinaren abokatu eta prokuradoreen ordain-sarien kostak (1.234€) ordaintzera zigortu zituzten. Pasa den azaroan Auzitegi Gorenak defentsak jarritako helegitea gaitzetsi egin zuen, honela, Auzitegi Nazionalaren epaia irmo bihurtu zen.

Behin isunak eta epaiketaren kostak ordaindurik, defentsako abokatuek lau auzipetuen zigorren etendura eskatu zuten, hauen kartzelaratzea saihestearren. Etendura hau hiru zigorturendako onartu bazen ere, laugarrenari, Julio Villanuevari, ukatu egin zitzaion, fiskalarendako azken honek zigor aurrekari konputableak zituelako. Berehalako kartzelaratze aginduaren arriskuaren aurrean abokatuek kartzela zigorra isun bategatik ordezkatzeko idazkia aurkeztu zuten.

Apirilaren 28an Fernando Grande Marlascak sinaturiko auto baten bidez, salbuespenezko izaerarekin eskaera hau onartua izan zen, ez baita batere ohikoa urte batetik gorako kartzela zigorrak isunengatik ordezkatzea. Ordaindu beharreko diru kopurua "izugarri handia" dela salatu dute gaur Mugituk antolatu duen prentsaurrekoan, kartzela zigorraren bikoitza baita -4 urte- eta eguneko 10€ ordaindu beharrekoa, osotara 14.400€-ra helduz.

"Egoera hau azpiegitura honen aurkaritzaren kontrako milagarren jazarpena dela. Proiektu xahutzaile, ezdeus, txikitzaile eta antisozial hau indarrez inposatu nahi digutela adierazi nahi dugu, bere aurka oldartzen den aurkaritza kriminalizatuz eta jazarriz", salatu du Mugituk.

Tartalarien prozesuan "zigortzeko borondate garbi bat" egon dela ere gogoratu dute, eta Julio Villanueva tartalaria kartzelan bi urtez sartzea saihesteko zuen sostengu ekonomikoa eskatzen dute, eta kontu korronte bat zabaldu dute diru ekarpenak egiteko (3035.0068.08.0680058591 Basagure taldea (Laboral Kutxa). Gainera, uda ondoren beste motatako elkartasun ekimenak antolatuko dituzte.

Gehiago