Tafallan aurkeztu dute Sorionekuak ekimenaren “Esku bat” abesti berriaren koreografia
Bihar eguerdiko 12:00etan estreinatuko da sare sozialetan "Esku bat" Sorionekuak ekimenaren bideoklipa, baina gaur Tafallako plazan aurkeztu dute abesti honen koreografia.
2023-ko maiatzak 4
“Euskara historia luzea duen hizkuntza da, baina, batez ere, etorkizun oparoa edukiko duena”, esaten dute Sorionekuak ekimenaren bultzatzaileek, eta gaur Tafallako plazan ehunka haur euskaraz abesten eta dantza egiten ikusi eta gero, ez dago zalantzarik. Garces de los Fayos ikastolako ikasleen laguntzarekin “Esku bat” abestiaren koreografia aurkeztu du Sorionekuak ekimenak.
Abestia bihar zabalduko da sare sozialetan, baina gaur entzun izan da Tafallan. Kantaren letra Sustrai Colinak egin du eta musika, Nerea Urbizu musikariak.
Parte-hartzaileak eremu zein egitasmo ezberdinetako lagunak izan dira: Martxelo Otamendi, Joseba Santamaria eta Iñaki Soto kazetariak; Aaron eta Kutxi Romero musikariak; Jagoba Arrasate entrenatzailea; Mirian Rivas, Roberto Martil eta Ainhoa Tirapu futbolariak; Anabel Arraiza aktorea, Zuriñe Hidalgo, Olaia Inziarte, Nerea Urbizu eta Garazi Gartzia abeslariak; Saioa Alkaiza eta Estitxu Arozena bertsolariak eta Porrotx, Satorjator eta Astonauta umeentzako pertsonaiak.
“Kanta euskararen susperraldiak behar duen soinu banda izatea du helburu”, dio Sorionekuak. Euskararen aldeko bidea batera egiteko deia eta ekainaren 10ean Iruñean egonen den herri mobilizazioan parte-hartzeko gonbidapena ere badela jakinarazi dute. “Herritarron garaia da, euskararen garaia da, urrats bat aurrera egitera goaz. Euskara nafar guztiona da”.
ESKU BAT
Nahi nuke esku bat…
Nahi nuke esku bat…
Nahi nuke esku bat
zorionekoa,
libre egin nazan
askatu gabe.
Amore eman ondoren
erruak erre baino lehen,
Esku bat…bide-seinale
ta bat-batean haizea alde.
Hatz bakoitzean milaka hitz ditu
ziur zahartzen da ta zimur-berritu;
bizipoz-marra amaigabekoa…
Ni, bai, zorionekoa!
Nahi nuke esku bat
zorionekoa,
denen ispilu
nire irudi.
Nire algoritmoekin
eta antonimoekin
esku bat…mundura zubi.
Nondik abia, nora itzuli.
Hatz bakoitzean milaka hitz ditu
ziur zahartzen da ta zimur-berritu;
bizipoz-marra amaigabekoa…
Ni, bai, zorionekoa!
Nahi nuke esku bat
zorionekoa…
Nahi nuke esku bat
zorionekoa…
Nahi nuke…
Nahi nuke…
Ez al da arraroa
zorionik gabe Nafarroa?
Hatz bakoitzean milaka hitz ditu
ziur zahartzen da ta zimur-berritu;
bizipoz-marra amaigabekoa…
Ni, bai, zorionekoa!
Nahi nuke esku bat, zorionekoa…
Zorionekoa!