“Tafalla kalera, denak etxera” lelopean, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko manifestazioa eginen dute abuztuaren 9an

Euskal iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko manifestazioan, errepresaliatu politikoak, enarak bezala, etxera bueltatzea exijituko dute.

2019-ko uztailak 22

“Tafalla kalera, denak etxera” lelopean, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko manifestazioa eginen dute Nafarroako Erdialdeko hiri honetan abuztuaren 9an, jaien bezperetan.

Enarek munduan zehar egiten dituzten ibilbideak metafora bezala hartuz, deportatu eta iheslarien bizipenak ekarri dituzte gogora tafallarrek: “Enarek mundu osoan bizi eta habia egiten dute. Enarak txori migratzaileak dira, eta gurean udaberritik udazkenera izaten ditugu. Enara deitzen zitzaien garai batean Nafarroatik Zuberoara oinez bidea egiten zuten emakumeei, hara espartin fabrikan lanera joanda. Kontrabandorako bide bera zen enarek egiten zuten hura. Enarak joan egiten dira, baina beti itzultzen. Beti itzultzen.”

Kartelan agertzen den bezala, hesiak enarak bihurtzen dira, eta hesi horiek desegin nahi dituzte iheslari eta deportatuak, enarak bezala, etxera itzultzeko. “Ilunetik argira. 2014an, itzulerarako hautua agertu zuten euskal iheslari politikoek, betiere konponbiderako urrats modura eta arrisku judizialik izanen ez zutela bazekiten kasuetan. Ordutik, itzuli dira aunitz, baina, gurean ongi dakigunez, ez guztiak”, diote Tafallako errepresaliatuei erreferentzia eginez.

Ohi bezala, herriko jaietan, elkartasunerako beste hitzordu batzuk izanen dituzte, baina aurten jaien bezperetan elkartasuna adierazteko aukera izanen da. Abuztuak 9 ostirala, arratsaldeko 19:30ean, Arkakusoen plazatik abiatuko da manifestazioa.

Gehiago