Sunsundeguiren itxiera salatuko du Sakanako Kontseilu Sozialistak maiatzaren 24an
Sunsundeguiko Langileak Borrokan izeneko taldea eta Sakanako Laneko Autodefentsa Sarearekin batera manifestazioa deitu du datorren larunbaterako 340 kaleratzeak salatzeko.
2025-ko maiatzak 18

Osotara, 340 langile lanik gabe geratuko badira ere, enpresa hornitzaileetako beste 200 lanpostu arriskuan daudela gogoratu dute.
“Bi urte atzera begiratuz gero, Sunsundeguik 700 lanpostu pasa izango zituen akordioaren berri emateko agerraldia egin zuten Chivite Nafarroako lehendakariak, Murillo Sunsundeguiko zuzendari gerenteak, Volvo autobusetako lehendakariak eta Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria . Gaur, aldiz, horiek guztiak isilik daude, ez dira hemendik ageri, kaleratuok izan garen langileok baizik”, gogoratu dute amorruz.
Enpresaren itxieraren ardura Murilloren zuzendaritzari egotzi diote, egin duen “enpresaren kudeaketa tamalgarriaren ondorioz” izan delako. “Hori bai, eurek kalteordain dirutsuak kobratu dituzte, gureak ordea kolokan daude”, esan dute langileek.
Nafar Gobernua ere egoeraren erantzule egin dute. “Enpresa itxierara eraman duen zuzendaritza izendatu eta diru publikoko millioika euro batere kontrolik gabe eman izanagatik”, azaldu dute.
Sunsundegui eta eskualdean itxi diren gainontzeko lantegiek “Sakanako langileon egoera txarra islatzen” dutela azpimarratu dute. “Horren aurrean, Sakanako langileontzat etorkizuna soilik langileon borrokatik etorriko da eta horretarako behar beharrezkoa da batu eta gure bizi eta lan baldintzen alde borrokatzea” esan dute.
Manifestazioa arratsaldeko 18:00etan abiatuko da Altsasuko Foru enparantzatik.
