Sudurra apurtu zioten irakasleari elkartasuna adierazteko manifestazioa eginen dute María Ana Sanz ikastetxeko ikasleek otsailaren 14an

2025-ko otsailak 7

Urtarrilaren 30ean Hezkuntza Publikoan deitutako greban Imanol Salinas irakaslearen atxiloketa salatzeko manifestazioa deitu dute bere ikastetxeko ikasleek. Gogoratuko denez, milaka irakaslek kaleak bete zituzten Hezkuntza Publikoan lan baldintza duinagoak eskatzeko, eta bereziki, ikasleen ratioak jeisteko.

Iruñeko manifestazioaren bukaeran, irakasleen aurka oldartu zen Espainiako Polizia. “Imanol Salinasi, María Ana Sanz ikastetxeko gure irakasleetako bati, ukabilkada handi bat eman zioten, eta sudurra hautsi zioten. Ondoren, atxilotu egin zuten. Imanolek kontzentraziotik joatear zegoenean, poliziek bortizki bota zuten lurrera. Une horretatik aurrera atxilotuta zegoela jakinarazi zioten, eta hausturaren larritasuna zela eta, ospitalera eraman zuten. Ez zitzaion jakinarazi zergatik zegoen atxilotuta, harik eta denbora luzea igaro arte, eta orduan jakinarazi zioten atxilotuta zegoela atentatuagatik eta desobedientziagatik”, gogoratu dute ikasleek.

Ikasleek salatu dute ere otsailaren 4ean babesa eta elkartasuna adierazteko deitutako elkarretaratzean Polizia Nazionalaren eta Foru Poliziaren presentzia oso handia izan zela.

Otsailaren 14an ikasleek manifestazioa eginen dute 10:50ean ikastetxetik abiatuz.


Gehiago