STEILAS sindikatuaren Kontseilu Nazionalak diru publikoa eskola publikoari bideratzea exijitu du

STEILASek bere Kontseilu Nazionala, Kongresuen arteko organo gorena, bildu du Iruñean, Kondestablearen Jauregian. Goizean zehar gai hauek tratatu dira: EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako lan gatazka, Hauteskunde sindikalak, % 6 Eskola Publikoari kanpaina-Finantzazio legea.

2019-ko apirilak 7

Kontseilua amaitu eta gero elkarretaratzea egin dugu Udaletxe Plazan, “BPGaren % 6 Eskola publikoarentzat, behingoz!” lelopean. Horrela, salatu nahi dugu hezkuntza publikoak bere finantzazioa bermatuko duen berariazko lege bat ez izatea, zeinak bere lehen helmuga BPGaren % 6 hezkuntza publikora bideratzea izanen duen eta gorabehera politiko zein ekonomikoen menpe egongo dela bermatuko duena.

2018ko abuztuan STEILASek modu kritikoan sinatu zuen Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko ituna. Gure asmoak itun horretatik haratago doaz, baina geure oraingo lehen helburua da ituna garatzea, nahiz eta neurri gehienak legegintzaldia bukatutakoan ezartzea aurreikusten den.

Neurri hauek ezartzeko eta garatzeko ezinbestekoa da dirua. Urte askotako murrizketak pairatu ondoren, egoera hobera doa emeki-emeki, baina oraindik oso urruti gaude UNESCOk gomendatzen duen gutxieneko gastu mailatik. UNESCOk esaten digu Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 6 gutxienez hezkuntzan inbertitu behar dela eta Nafarroan ez da bideratzen % 3,4 baizik arlo horretara.

Gainera, guk diogu BPGren gutxieneko % 6 hori Eskola Publikoari eman behar zaiola, diru publikoarekin hezkuntza publikoa baino ez delako finantzatu behar. Hortaz, aurrerapauso sendoak eman behar dira hezkuntza sistema publifikatzeko eta, gerora, ez finantzatzeko erakunde pribatuak. Horrela lortuko genuke segregaziorik ez egotea, sistema publikoaren deskapitalizazioa etetea eta hezkuntzako langile guztien lan baldintzak hobetzea.

Aipatutako xedeak erdiesteko lanabes berria behar dugu: Eskola Publikoa Finantzatzeko Legea, hezkuntza publikoak behar dituen baliabide ekonomikoak gorabehera politiko eta ekonomikoetatik at egon daitezen. Gaur egun, kontrako egoera dugu, hezkuntza pribatuak finantzaketa bermatua dauka (LOMCEk emana) eta, horregatik, STEILASek borrokan jarraituko du bidegabekeria hau iraultzeko.

Aurreko martxoaren 22an hezkuntza publikoko hauteskundeetan sindikaturik bozkatuena izan ginen Euskal Autonomia Erkidegoan. Horrek indartzen gaitu daramagun bidean segitzeko eta eskola publikoari tinko eusteko.

Iruñan, 2019ko apirilaren 6an

Gehiago