STEILAS sindikatuak Hezkuntzako ordezkapenak hobetzeko proposamena luzatu du
Hezkuntza itunean jasoa dago ikasturte honetan neurriak negoziatu behar direla ordezkapenak berehala egiteko. Gaur egun astean hirutan egiten da Lanpostuen Esleipen Telematikoa (LET) eta maiz lanpostu dexente berandu esleitzen dira, eta ordezkoak baja hasi, eta egun batzuetara agertzen dira ikastetxean. Hau hobetzeko LET egunero, astelehenetik ostiralera, egin beharko litzateke.
2019-ko apirilak 3
Beste neurri bat litzateke ordezkapenak egiteko ikasturte osoko kontratuak gauzatzea. Horrela, zaintza taldeak sortuko lirateke ordezkapenak berehala egiteko. Hau bereziki garrantzitsua da Haur eta Lehen hezkuntzako tutoreekin, hauek falta direnean zaintzako irakasle asko pasatzen baitira gelatik eta adin hauetako ikasleek behar dute pertsona bakar baten erreferentzia. Ordezkapenarekin hasi ondoren, honen iraupena baloratuko litzateke eta luzerako balitz, beste irakasle bat kontratatuko litzateke zaintza taldean aritzeko.
Bestalde, Nafarroa zonalde ezberdinetan bereiztea komenigarria litzateke, zaintza talde hauek antolatzeko. Bidenabar, zonifikazio hau erabil liteke ordezkapen guztiak kudeatzeko; hau da, kontratazio zerrendako izangai bakoitzak aukeratuko luke zein zonaldetan lan egin nahi duen. Horrela, irakasleentzat errazagoa da bakoitzaren bizitza eta lana uztartzea, eta LET eraginkorrago bilakatuko litzateke.