STEILAS: “Nafarroako irakasle interinoen aurkako tratu txarrak aurrera darrai”

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak Haur eta Lehen Hezkuntzako LEP bat deitu izana Espainiako Hezkuntza Ministerioa oposaketen araudian aldaketa bat prestatzen ari denean langile interinoek errazago gainditu ahal izatko deitoratu du STEILAS sindikatuak.

2022-ko urtarrilak 11

Oso kezkagarria da Hezkuntza Departamentuak Haur eta Lehen Hezkuntzako LEP bat deitu izana, Hezkuntza Ministerioa oposaketen araudian aldaketa bat egiten ari denean, eta, horri esker, langile interinoek errazago gainditu ahal izango dituztenean. Ministerioak berak araudi berria prest egon arte lehengo araudiarekin LEPik ez deitzea gomendatu duenean, ez da ulertzen Hezkuntza Departamentuak presaka deialdia argitaratu izana; are gutxiago, kontseilaria eta ministroa biak PSOEkoak direnean.

Departamentuak argudiatu du deialdia egin behar duela AFAPNAk jarritako errekurtsoaren epaia betetzeko, 2016ko Lan Eskaintza Publikoko 108 lanpostuei dagokiena. Deialdi hori egin liteke araudi berriarekin, baina AFAPNAk Departamentuari eskura jarri dio orain deitzeko aitzakia. Euskarafobia oso aholkulari txarra da, eta orain, bumeran moduan, langile interino guztien aurka bueltatzen da.

Azkenean deitu den LEP murriztuak ez du inola ere konponduko interinitatearen arazoa; izan ere, 2018an % 47a izatetik 2020an % 54 asaldagarria izatera igaro da. Hori dela eta, irakasle guztiak aurkeztu beharko dira badaezpada ere. Horri kontratazio zerrenden kudeaketa toxikoa gehitu behar zaio, oposizioari lotuta baitago: langile gehienek probak prestatu beharko dituzte lanean jarraitzeko, ez funtzionario bihurtzeko. Horrek estresa, haserrea eta animo eza sortzen ditu langile interinoengan, are gehiago pairatzen dugun pandemia egoeran. Horregatik guztiagatik, oposizio horrek esperientzia gutxiko irakasleei mesede egin diezaiekeela argudiatzea demagogiaren erakusgarri baino ez da.

ELA, STEILAS eta ESK sindikatuok bakarrik mobilizatu gara, NABLPBrekin batera, 2020ko ekainetik Icetazo delakoaren aurka eta administrazio publikoetako langile interinoak finkatzeko bidezko araudi baten alde. Aldi honetan, Hezkuntza Departamentuak behin eta berriz adierazi du ez dagoela prest oposizioen araudi berriarekin eta merezimenduen lehiaketekin kontsolidazio-prozesu zabal bati ekiteko. Argi utzi dute ere, ez dituztela PAIko plazak finkatuko, merezimendu lehiaketetan edo LEPean ezin baitute ingeleseko titulurik exijitu. Hortaz diogu PAIk, arazo pedagogikoez gain, lan-prekarietatea ere eragiten duela.

STEILASek langile interinoak kontsolidatzeko borrokan jarraituko du, eta hezkuntza publikoko interinitate-tasa % 8ra jaistea eskatuko dugu, legeak ezartzen duen bezala, administrazio publikoetako behin-behinekotasuna murrizteko.

Gehiago