STEILAS: “Ezin dute Castejón bigarrenez behartu PAI programa sufritzera”

Castejongo eskolak bigarrenez eskatu du PAItik ateratzea. Lehenbiziko eskabidea baztertzeko Hezkuntza Departamenduak esan zuen programatik atera ondoko plantillaren aurreikuspenak falta zirela, baina STEILASek gogoratzen duenez "ez zen horrelako aurreikuspenik izan PAI ezarri zenean". Eskolako Zuzendaritzak azaldu duenez, eskaeraren atzean ez dago interes politikorik: PAI programa ikasleentzat "kaltegarria" dela dio.

2021-ko otsailak 9

Castejongo Dos de Mayo ikastetxe publikoak ingelesezko PAI programatik irtetea eskatu du, beste behin ere.

Joan den urtean gauza bera egin zuten. Orduan, Hezkuntza Departamentuak ezezkoarekin erantzun zion, programa uzteko plan zehatzik ez zuela argudiatuz; plana osatzeko beste aukerarik eman gabe. Nahiz eta bestelako eskaeretan departamentuak dokumentazioa osatzeko aukera eman ohi dien ikastetxeei.

Castejongo ikastetxea udalak eskatuta sartu zen PAI programan, Eskola Kontseiluaren irizpidearen aurka.

Honako honetan Dos de Mayo zuzendaritzak PAI uzteko plangintza zehatza prestatu du, Eskola kontseiluaren %100aren, kide guztien, sostenguarekin. Ikastetxeko webgunean eskegi dute.

Idazkian azaltzen dute PAI programa pedagogikoki kaltegarria dela haren ikasleentzat. Ia erdiak behar berezietakoak dira, asko migratzaileak dira, eta gaztelania bigarren hizkuntza da haientzat.

Adibide zehatzak eskaintzen dituzte: PAIren kontura, Natur eta Gizarte Zientzietan materia bi aldiz eman behar izaten dute, behin ingelesez eta beste behin gaztelaniaz, ikasleek uler dezaten.

Zuzendaritzak dio haren eskaeraren gibelean ez dagoela inolako interes politikorik. Argudio guztiak pedagogikoak direla. Eta Hezkuntza Departamentutik PAIn segitzeko argudio pedagogiko oinarritu bakar bat ere ez dutela jaso.

Castejongoa PAItik irteteko eskaera egiten duen lehen ikastetxea da, joan den legealdiaren amaieran, orduan Maria Solanaren esku zegoen departamentuak, hori egiteko aukera zabaldu eta gero.

STEILASek dio  Gobernuak eskaera onartu beharko lukela

STEILAS sindikatuak gogoratzen duenez, irteera eskabideak dio PAIk ezin duela oztopatu ikasleek edukiak berenganatzea eta oinarrizko gaitasunak garatzea, “are gehiago Castejonen”, non “irakaskuntzako hizkuntzetatik bat ere ez da ikasle askotxoren familia hizkuntza, eta maiz umeek eskola lanetarako laguntza behar dute”, gogoratzen dute. “Horri gehitzen badiogu haurren familiak adierazle sozio-ekonomiko baxukoak direla, garbi dago ezin dutela eskolatik kanpoko laguntzarik jaso haien ikasketetan”, azpimarratzen dute.

Eskabide horrek Hezkuntza Komunitatearen gehiengoaren onespena duela baieztatu eta gero (Klaustroaren %78,8rena eta Eskola Kontseiluaren %100ena), sindikatuak uste du ez dagoela arrazoi pedagogikorik eskaera ez onartzeko. “Agian, PAItik ateratzeko baimenaren ukazioaren atzean ez dago arrozoi pedagogiari edo antolamenduari dagokienez, baizik arrazoi politikoak, ikastetxe bat ateraz gero, PAI pairatzen duten gainerakoak atera baitaitezke haren atzetik arrapaladan”. Sindikatuaren ustez Carlos Gimenok baimendu beharko lieke PAItik ateratzea hori eskatzen duten ikastetxeei, Gaztela-Mantxako Hezkuntza Kontseilaritzak bezala. Jakina da PSOEko kide batek gidatzen duela kontseilaritza hori eta Carlos Gimeno alderdi berekoa dela.

Gehiago