Sortzen elkarteak euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatu behar direla aldarrikatu du eta haur eskolak euskaraz eskatu ditu Iruñean
Iruñako Udalak haur eskoletarako aurkeztu duen proposamenaren aurrean haserre agertu da Sortzen elkartea, eta jarrera horrekin "agerian geratu da udalaren euskarafobia" iritzi dio. Onargarria ez dela aipatu du Sortzen elkarteak eta gaur Iruñean izanen den manifestazioarekin bat egiten du.
2021-ko urtarrilak 29
Proposamen honekin udalak argi uzten du: euskara gero eta gehiago zokoratu nahi duela, ez duela Iruñako herritarren eskubideak bermatzeko asmorik, bertako hizkuntza zaintzea ez dela inondik inora beraien planetan sartzen, eta euskara aktibo gisa erabiltzen duela joko politikoan.
Eraso honen aurrean Sortzen elkarteak zera adierazi nahi du:
Euskara Nafarron hizkuntza da, Nafarroako berezko hizkuntza. Baina, oraindik orain, Euskaldunoi bizi garen zonaldearen arabera aitortzen zaizkigu, ala ez, hizkuntza eskubideak eta ondorioz hezkuntza eskubideak. Lotsagabeki babesten ari dira euskarari egiten zaion bazterketa, eta honekin amaitu beharra dago.
Erakunde publikoen betebeharra herritarron eskubideak berma daitezen lan egitea da. Gure hizkuntza gutxitua da, eta babeserako neurriak behar ditu. Baina udalaren jarrera erabat kontrakoa da. Genozidio linguistikoa burutu nahi du, bertako hizkuntza desagerrarazi, ingelesari garrantzi gehiago emanez.
Iruñeko Haur eskolen plataformak proposamen bat bidali die talde politikoei, gutxieneko proposamena, non euskara eskaintza bermatzen den Iruñerrian. Mayak euskara zokoratzeko bere proposamena egin du, honekin argi geratu da zer nahi duen, baina zer diote beste talde politikoek?
Zein urrats emateko prest daude, euskara eta euskaldunok ditugun eskubideak bermatze aldera?
Erantzuteko garaia da, ez dugu horrelako erasorik onartuko. Iruñako haur eskoletan euskarak bizi duen egoera larria salatzeko etorri ostiralean, hilak 29an, arratsaldeko 18:00retan hezkuntza departamentuan egingo den mobilizaziora.
Euskaraz bizi nahi dugu! Euskarari erasorik ez!