Sortzen Elkarteak aurtengo aurre-matrikulazio kanpaina aurkeztu du #EGUNON lelopean
Sortzen Elkarteak aurkeztu du, gaur eguerdian, aurten egingo duen aurre-matrikulazio kanpainaren nondik norakoak. #EGUNON izango da kanpaina honen lelo nagusia, pasa den astean aurkeztu zuten jai nazionalaren berdina, hain zuzen ere. Aurreko kanpainen dinamika jarraituz, “hiru azpi-kanpaina” aurkeztu dutela iragarri dute: Egun on!, Ongi etorri eta Haizea. Hirurak, elkarteak urte osoan zehar lan egindako dinamikaren barruan kokatzen dituztela argitu dute.
2018-ko urtarrilak 23
Kanpaina orokorra edo Egun on! Nafarroa Garaia osoan hedatu nahi duten dinamika da. D ereduan matrikulatuko diren haur berrien gurasoei “egun ona” opa egiteko kanpaina. “Kurtso hasieran egin genuen etxeko giroan lehenengo hitza euskaraz egiteko aldarria; eskolan, ikasle euskaldun eleaniztunak hezteko komunitatearekin elkarlanean aritzeko norabidea ere marraztu dugu”, azaldu dute. Auzoetan zein instituzioetan euskarak eremuak irabazteko aldarria egin dute ere.
Ongi etorri kanpaina Sakanako eskoletan zentratu da, kanpaina berezitu bat antolatu dutela argitu du Sortzen elkarteak eskolekin elkarlanean arituz. “Gogoratu behar dugu, Sakanako eskolek, alde batetik, beraien talde nortasunaren inguruko barne hausnarketa bat burutu zutela, iraganari begira jarri eta etorkizuna eskuen artean hartu ahal izateko, alegia. Bestetik, goraipatzekoa da eskola-komunitate horiek berritasun pedagogikoak beraien heziguneetan txertatzeko egiten ari diren ahalegina”, azaldu dute. Hori dela eta, Sakanako Herri Eskoletako familia berriei “ongi etorria” eman nahi dietela plazaratu dute.
Azken kanpaina edo dinamika, Haizea, hegoaldeko zentroetan jasotako esperientziak bilduko ditu egunkari batetan. Alloko, Antzingo, Erriberriko, Tafallako, Kaparrosoko eta Lodosako familiekin kontaktuan egon dira eta aurre-matrikulazio kanpaina bat prestatu dute zonalde honetarako ere. Informazio hitzaldiak eta eskola tailerrak antolatuko dituztela azaldu dute eta, honetaz gain, Nafarroa hegoaldeko herrietan zabalduko duten egunkari bat aurkeztu dute. “D eredua zabaldu dutenen esperientziak jaso ditugu, Tafallako bi irakasleekin elkarrizketa, Antzingo eskolaren inguruko erreportajea eta Kaparrosoko bi gurasoekin elkarrizketa, besteak beste”, izango dira egunkariak izango duen edukia
Besarkatu ekimena
Aurten ere orain dela bi urte Tafallan aurkeztu zuten Besarkatu ekimena berriz ere antolatuko dutela iragarri dute. Zonalde horretako familia eta irakasleak elkartu nahi dituztela azpimarratu dute, hauek zoriondu nahi dituztela azaldu dute eta euren “elkartasun osoa” transmititu nahi dietela nabarmendu dute. Deialdia hurrengo egunetan aurkeztuko dutela argitu dute, euskal komunitatea bertara dadin.