Sortuk Herri Libreen Martxan parte hartzeko deia luzatu du
Urriaren 12an Estatu espainola “bere izaera inperialista eta antidemokratikoagatik” epaitzeko ekimena babestu du Nafarroako Sortuk.
2015-ko urriak 9
Antolakunde abertzaleak gogorarazi du urriaren 12an Estatu espainolaren menpe izandako herri askotan Erresistentzia Indigenaren Eguna ospatzen dutela, eta Sorturen hitzetan “haren menpe jarraitzen dugunok gure herri izaeraren ukazioa salatu eta inperialismoari aurre egiteko elkartasun internazionalista aldarrikatuko dugu”.
Aurtengoan, gainera, hitzordu anti-inperialista hau ospatzeko “arrazoi bereziak” daudela nabarmendu du. Izan ere, hilaren 19an Askapena, Askapeña konpartsa, Herriak Aske eta Elkar Truke elkarteen kontrako epaiketa abiatuko da Auzitegi Nazionalean. Bertan, Aritz, Unai, David, Gabi eta Walter militante internazionalistak epaituko dituzte ere eta seina urteko kartzela zigor eskaerei aurre egingo diete.
Sortuk, adierazi du enegarren aldia dela "salbuespeneko epaitegi honek euskal herritarron eskubide zibil eta politikoak” ukatzen dituena eta “espainiar Estatuaren urraketak atzean uzteko nafarrok gure etorkizuna erabakitzeko prozesu eratzailea martxan jartzeko premia” azaldu du.
Espainiaren kontrako Epaiketa herritarra
Antolakunde eta militante internazionalistekin elkartasunez Estatu espainolaren kontrako epaiketa herritarrak hedatu dira azken hilabeteotan euskal lurraldeetan zein nazioartean ere. Eta epaiketa herritar horiek guztiak ebazpen bakarrean batuko dira datorren urriaren 12an Iruñean.
Hori dela eta, Sortuk herritar ezkertiar eta abertzale orori deia luzatu dio Estatu espainola “bere izaera inperialista eta antidemokratikoagatik” astelehenean izango den epaiketa herritarrean parte hartzeko.