Sortu: “Ordua da Euskal Herrian deportatu, iheslari eta presorik ez egoteko norabidean urratsak emateko”

Jesus Ricardo Urteaga Repulles “Txetxu” (Bilbo 1958) hil da Venezuelan, deserrian 1978tik bizi zen azkoitiarrak. 1984ko maiatzean agintari frantziarrek Venezuelara deportatu zuten, baimen frantziar batekin eta turista bisatuarekin, polizia frantziarrek eskoltatuta. Ordutik han bizi izan da, minbiziak hil duen arte.

2020-ko apirilak 3

Hori dela eta, honako hau adierazi beharrean da SORTU:
• Lehenik eta behin, gure maitasun eta elkartasuna helarazi nahi diogu bai Txetxuren familiari eta euskal iheslari zein deportatu guztien familiei, bai oraindik ere espetxea eta deserria pairatzen ari direnei.
• Bigarrenik, bada garaia deportazioarekin amaitzeko. Frantziar eta espainiar gobernuek bere egunean neurri hori abiaraztea erabaki zuten moduan, bada garaia 36 urte geroago indargabetzeko.
• Hirugarrenik. Berriz diogu: Euskal Herrian bizikidetza osasuntsu eta normalizatu bat ahalbidetuko duen markoa eraikitzeko ezinbesteko osagaietako bat dugu zio politikoko deportatu, iheslari eta presorik ez egotea. Norbaitek uste al du kontrakoa posible dela? Bada ordua norabide horretan urratsak egiteko, askatasunean, justizian eta demokrazian oinarritutako bizikidetza markoa eraikitzeko testuingurua gauzatu dadin, eta eztabaidak modu baketsu eta demokratikoan gainditzeko bideak izan daitezen.

Deportazioa eta arbitrarietate errepresiboa
Deportazioak ez du inolako euskarri legalik, ez juridikorik ez administratiborik justifikatzen duenik. Deportatuak zigor bat betetzen ari dira, epaiketarik eta zigor formalik ezarri ez bazaie ere. Deportatuek ez dute defentsarako eskubide formalik izan, beraiei egiten zaizkien balizko salaketen aurrean. Arbitrarietate errepresiboaren biktima dira.

Zentzu horretan, deportatuak ez dira “justiziarengandik ihes egindakoak”, Espainiako Gobernuak modu horretan gutxietsi eta salatzen baditu ere. Aitzitik, espainiar eta frantziar agintariek eraman zituzten mundu zabaleko hainbat herrialdetara, kasu askotan bi armaden hegazkin militarretan.

Txetxuren kasuan, 36 urte eman ditu deportazioan zigortuta. Eta hori modu ofizialean ez da zigortzat hartua. Are gehiago, pairatu duen zigor horrek ez du eragozten espainiar agintarien eskariz egin daitekeen edozein estradizio prozesu, beste zigor bat ekar lezakeena –kartzela zigorra–. Eta ez du eragozten deportazioa bizi arteko zigor bihurtzea.

Indarrean den zentzugabekeria
Deportazioan hildako 12. iheslari politikoa da Txetxu. Guztira 71 iheslari politiko deportatu zituzten Panama, Venezuela, Kuba, Dominikar Errepublika, Togo, Cabo Verde, Ekuador, Gabon, Sao Tome eta Algeriara.
36 izan dira etxera itzuli diren iheslariak, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak etxeratze prozesua abiarazi zuenetik euskal gatazka politikoan konponbiderako ekarpen gisa. Egun, zortzi dira deportatuta jarraitzen duten iheslariak. Hauexek:
– Venezuela: Eugenio Barrutiabengoa Zabarte (Arrasate)
– Kuba: Josu Abrisketa Korta (Ugao), José Angel Urtiaga Martinez (Mamariga),  Iñaki Rodriguez (Orereta)
– Cabo Verde: Tomás Linaza (Lemoa), José Antonio Olaizola Atxukarro (Zestoa), Emilio Martinez de Marigorta (Gasteiz), Félix Manzanos.

Gehiago