Soldata igoera proposatu die Gobernuak haur eskoletako langileei, baina Plataformak ez du aski ikusten eta grebak jarraituko du
Nafarroako Gobernuak soldata %14 igotzea eskaini die haur eskoletako langileei. 0-3 Plataformak dio gobernuaren soldata igoera proposamenak ez duela “aski bermerik”, eta gaurko batzarrean erabaki dute grebarekin segituko dutela.
2022-ko maiatzak 26
Hezkuntza Departamentuko, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko eta 0-3 Plataformako kideek atzo bigarren bilera egin zuten. Horretan, Carlos Gimenoren departamentuak soldata igoera eskaintza egin zuen, baina halaber ezetz erantzun zien grebalarien beste hainbat eskaerari. Eider Garde 0-3 Plataformako bozeramailearen ustez, Nafarroako Gobernuaren eskaintza horrek ez du “aski bermerik”.
“Igoera hori inolako bermerik gabe eskaintzen digute, greba bertan behera uzteko eskatzen baitigute, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa eta Gobernua proposamen hori gauzatu ahal izateko finantzaketaren bila eser daitezen. Hau da, ez dago bermerik gaur egin diguten proposamena finantzatu ahal izateko”, azaldu du Gardek.
0-3 Plataformako eledunaren arabera, gobernuak B mailako soldata-igoera eskaini dio zuzendaritzari, C mailakoa hezitzaileei eta E mailakoa garbitzaileei, “baina ez dira jasotzen plataformak eskatzen zituen antzinatasun-osagarriak, ez osagarri pedagogikoa, ez eta erantzukizun-osagarria ere”. Bestalde, ratioak jaisteari ere ezetz esan dio Hezkuntza Departamentuak.
Grebarekin jarraitzeko erabakia hartu dute hezitzaileek
Nafarroako 0-3 Plataformak haur eskoletako grebarekin jarraitzea erabaki du, langileen batzarrari galdetu ondoren. Asanblada horrek ondorioztatu duenez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak asteazkenean egindako proposamena “oso eskasa” da.
Eider Garde plataformako ordezkariak adierazi duenez, Hezkuntzaren planteamenduarekin “udalak oso kaltetuta ateratzen dira; izan ere, soldata igoera bat dago, baina Gizarte Segurantzarako partidan murrizketa dago, eta beste murrizketa bat ordezkapenetarako partidan, salatzen ari baikinen ez zela nahikoa, eta udalek hartu beharko dute beren gain”. “Uste dugu udalak oso kaltetuak izango direla planteamendu honetan, eta ez da proposamen hori onartzen”, ziurtatu du.
“Gainera, apirilaren 27an Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak hezkuntzako errefortzua aurrekontuetan finkatuta zegoela esan zigun, eta asteazkenean Gil Sevillano Hezkuntzako zuzendari nagusiak ezetz esan zigun”, kritikatu du.
Eider Gardek adierazi duenez, “ezinbestekoa da grebara eraman gaituzten bi ardatzetan zerbait betetzea, beharrezkoa da haurrei baldintza hobeetan arreta ematen lagunduko duen hezkuntza-errefortzu bat eta moduluen igoerarekin soldata-igoera bat, kopuruak birbanatu gabe”.
Horren ostean, plataformak kontraproposamen bat egingo duela azaldu du, “lehenbailehen baloratzen has daitezen eta ahalik eta lasterren erantzun diezaguten, eta erantzuteko astebete itxaron beharrik ez izateko”.