Sindikatuen hitzetan, Iruñeko haur eskoletan ez dago hezitzaile nahikorik Udalak ezarri nahi duen eredu berria garatzeko
Iruñeko Udal Haur Eskoletako langileen ordezkariak diren LAB, CCOO, Afapna sindikatuek ohar bat kaleratu dute datorren ostiralean eginen den greba egunarekin egiten dituzten aldarrikapenekin. Oharrean azaltzen dute Udalak ezarri nahi duen hizkuntza ereduak gaur egun garatzen dituzten heziketa proiektuak hankaz gora jartzen dituela.
2021-ko otsailak 8
Deialdia egin duten sindikatuok (Afapna, CCOO eta LAB) otsailaren 12rako (ostirala) deitutako greba egiteko arrazoiak plazaratu nahi ditugu, Iruñeko haur-eskoletako hizkuntza-ereduaren aldaketen aurrean.
Hona hemen deialdi hau egitera garamatzaten lan-arrazoiak:
– Nafarroako Gobernuak eskatzen duen hizkuntza-gaitasuna duen langilerik ez izatea ingelesezko jarduerak dituzten eskoletan hezitzaile plazak betetzeko, eta, beraz, hezitzaileak ordeztea dezente zailduko da.
– Langileek ezin dute lan egiten zuten eskolan jarraitu, dagokien hizkuntza-eskakizuna ez badute. Adibidez, Hello Buztintxuri, C1 euskaraz eta B1 ingelesez, eta horrek hezkuntza-taldeak haustea eta eskoletan abian jarritako proiektuak geldiaraztea ekarriko du.
– Iruñeko Udaleko eskoletan ordezkapenak egiten dituzten eta ingeleseko hizkuntza-eskakizuna ez duten behin-behineko langileei lan-aukerak murriztuko zaizkie, ezin izango baitira kontratatu ingelesezko jarduerak dituzten eskoletarako.
– Bi hizkuntza-eredu desberdinetako langileen kudeaketa eta antolaketa modurik egokienean burutu behar dituzten zuzendaritzen lan-karga handitzea, bi ereduetan goreneko kalitatea eskaini ahal izateko.
Lan-arloko arrazoi hauei gehitu behar zaizkie iragarritako aldaketok, eredu berriak ezarriko diren eskoletan izango dituzten eragin pedagogiko ukaezinak, prentsara bidalitako idazkian azaldu genituenak.