Siemens Gamesaren langileak Agoitzetik Iruñera joango dira ostegunean euren lanpostuak defendatzeko
Siemens Gamesa Agoizko enpresa-batzordeak eta langileek borrokan jarraituko dute konpainiak lantegia ixteko hartutako erabakia iraultzeko. Helburu horrekin, hainbat mobilizazio antolatu dituzte aste honetarako. Ostegun goizaldean Agoitzetik Iruñera martxa eginen dute, arratsaldean Agoitzen herri batzarra eginen dute, eta larunbatean manifestazio bat eginen dute zonaldeko ekonomiaren alde.
2020-ko uztailak 21
Nafarroako talde politikoekin eta Nafarroako Gobernuarekin bildu eta gero, Agoizko Gamesako langileak berriz kalera bueltatuko dira. Politiko eta instituzioei euren borrokan inplikatzeko eta euren esku dagoen guztia egiteko eskatu diete “zentzugabekeria hori geldiarazteko”.
“Erabaki hori eskrupulurik gabeko multinazional baten logika neoliberalaren arabera baino ez da azaltzen, eta hazten jarraitu nahi du, gure hondamendiaren kontura bada ere”, esan dute.
Aste honetan hainbat greba-egun eta mobilizazio antolatu dituzte. Ostegun goizeko 03: 00etan Agoizko lantegitik Iruñera joango dira, 10: 00etan Nafarroako Parlamentuaren aurrera iristeko eta Manu Ayerdi Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilariak Parlamentuan egingo duen agerraldiarekin bat egiteko. Agoitzen egun horretan bertan, 19: 00etan Merkatu plazan, Irati Bizirik herri plataformak herriarentzako batzar informatibo bat egitea aurreikusi du, eta bertan Enpresa Batzordeak ere parte hartuko du. Ondoren, giza mosaiko bat egingo dute.
Ostiralean enpresarekin bilduko dira, eta kontsulta-aldiko hirugarren bilera izango da. Neinsako lankideek elkarretaratzea egingo dute lantegiaren aurrean, babesa adierazteko. Larunbatean, hilaren 25ean, 19: 00etan, Irati Bizirik plataformak deitutako manifestazioarekin bat egingo dute. Agoitzen eta inguruko gainerako herrien babesa eta inplikazioa erabatekoa izan dela gogoratu dute.