Selektibitate eta Baxoa frogak salatzeko mobilizazioak deitu ditu Ikasle Abertzaleek
"Kapitalismoa erreproduzitu eta indartzeko helburua" duen selektibitate froga "langile klasearengan eragiten duen sufrimendu, estres, depresio eta ezinegona" salatzeko mobilizazioak eginen dituzte ekainaren 6an Hego Euskal Herriko unibertsitatetan.
2018-ko maiatzak 31
“Euskal Herriko ikasleon bizitza baldintzatu eta etorkizuna determinatzeko gaitasuna duten” Selektibitatea zein Baxoa frogak salatuko ditu Ikasle Abertzaleek, eta animoak eman nahi dizkiete azterketa hauek eginen dituzten ikaasleei.
“LOMCEren errebalidak eta PISA azterketak modu eredugarrian desobeditu ditugu Euskal Herriko txoko ezberdinetan, eta horien ildo beretik ulertzen dugu Selektibitatea ere. Izan ere, kapitalismoak bizirik jarraitu eta indartzeko burgesiak daukan beste mekanismo bat da selektibitatea, froga arrotz eta zapaltzailea. Aurre egiteko moduak ordea, gaur gaurkoz ezin du berdina izan, oraindik ez baitugu gaitasunik selektibitatea bezalako froga bat desobeditzeko”, aitortu du Ikasle Abertzaleak taldeak.
Selektibitatea arrotz eta zapaltzaile bezala identifikatzen dute “ez dagoelako gure mesedetara eta ezta ere gure beharrei erantzuteko eraikia”, eta euskal langile klaseari eta bereziki honen parte diren ikaslei “bertako zein atzerriko burgesiaren nahi eta beharrak asetzeko asmatu eta diseinatuta dagoelako”, dio IA-k. “Sarri esan izan dugun bezala, hezkuntza pertsona eredu jakin batzuk sortzeko eta munduaren ikuskera burgesa garatzeko erabiltzen den mekanismoa da: jokamolde eta jarrera indibidualista zein berekoiekin, hiritar izaera baten baitan, zapaltzaileen historiarekin, izaera sexista batekin… Bide horretako pauso bat gehiago da selektibitatea eta horregatik zaigu arrotza”.
Espainiar estatuko bigarren batxillergoko ikasle guztiak ia materia berbera “irensteko gaitasuna” duen froga da selektibitatea IAren esanetan “honek suposatzen duen homogenizazio eta ideologizazio gaitasun handiarekin”. Eta ikasleak “mailakatu eta sailkatzeko funtzioa betetzen duela” salatzen du IAk “langile klaseko ikasleok etorkizuneko soldatapeko lanera bideratzeko helbururarekin”.
Selektibitateari “ez” esateko ekainaren 6an Gasteizeko, Donostiako, Leioako, Bilboko eta Iruñeko unibertsitateetan mobilizazioak eginen dituzte. NUPen 12:30etan Liburutegiko plazan.