Sara Fernandez motibazio politikoko biktima gisa ofizialki aitortzea eskatu dute

Sara Fernández sakabanaketaren biktimak aitortza ofiziala jasotzeko ekimena abiatu dute Iruñeko Alde Zaharrean. Azaroaren 28an ekitaldi bat eta azaroaren 29ean manifestazio bat eginen dira.

2023-ko azaroak 7

“Sara. 20 urte zu gabe, hogei krabelin zuretzat” izeneko ekimena jarri dute martxan Sara Fernández sakabanaketaren biktimak aitortza ofiziala jasotzeko. Fernandez 2003ko azaroaren 29an hil zen kotxe istripu batean, Valdemoroko Madrilgo kartzelara joan zenean lagun bat bisitatzera. Istripu horretan ere Izaskun Urkijo larri zauritu egin
zen. 40 minutuko bisita baterako, 410 kilometro egin behar zituzten joateko, eta beste 410, berriz, bueltan. Euskal presoen sakabanaketa politikak iraun zuen 35 urtetan astero bisitak egin ahal izateko euren senide eta lagunek egin behar zituzten bidai luzeen adibide bat besterik ez.

Istripu hori eta Sara Fernándezen heriotza kasualitate bat ez zirela izan azpimarratu nahi izan dute gaurkoan. “Saihestu zitekeen heriotza izan zen. Urruntzeak eragindako gainerako biktimena bezala, istripuek eragindako mila zauritu inguru eta 16 hildako”, esan dute agerraldian Alde Zaharreko bizilagunek.

Sakabanaketa amaitu bada ere, Sara eta sakabanaketak eragindako gainerako biktimak ez direla ofizialki aitortu salatu dute. “Urtero ekartzen dituzte gogora beren herri eta auzoetan, baina, zalantzarik gabe, oraindik ere lege-esparru bat falta da, modu ofizialean aitortuak izateko. Tresna horrekin haien eskubideak urratu zitzaizkiela onartzeko”.

Bizikidetza eta oroimenaren mesedetan “biktima bakar bat” ez ahazteko deia egin dute. “Horiek guztiak aitortu eta erreparatzeko garaia da”, esan dute sakabanaketaren biktimei erreferentzia eginez. Bestela, “osatu gabeko memoria kolektiboaz hitz egiten jarraituko dugu”, adierazi dute. Sara eta bere familia modu ofizialean aitortuak izateko eman beharreko urratsak ematera eta motibazio politikoko biktima gisa ofizialki aitortzeko beharrezkoak diren mekanismoak antolatzeko eskatu diete Nafarroako erakunde nagusiei.

Ekimen honekin bat egin dute Alde Zaharra, Iruñea eta Nafarroa mailako hogeitik gora eragile politiko, sozial, memorial eta kultural, eta kontaktuak iragarri dituzte Nafarroako gobernuarekin eta alderdi politiko nagusiekin. Bukatzeko, azaroaren 28an 19:00etan Nafarroako Antzerki Eskolan ekitaldi berezi bat prestatu dute, eta 29an, manifestazio bat eginen da eguerdiko 13:00etan Iruñeko Errekoleta Plazatik abiatuta.

Gehiago