Santxikorrota euskararen aldeko lasterketa antolatu du Agerraldiak Bardeetan urriaren 2an

Ia 21 km-ko lasterketa izanen da, eta Cascanteko XV mendeko bidelapur ezagunaren izena eramanen du.

2022-ko abuztuak 25

Agerraldiak Santxikorrota lasterketa antolatu du urriaren 2an Bardeetan. Nafarroako hegoaldean (“Ager Vasconum” izenekoan) euskararen ezagutza bultzatzea, erabilera sustatzea eta euskararekiko jarrera baikorrak birsortzea helburuak dituen elkarteak euskararen alde, natur giro osasungarrian, Nafarroako hegoaldean bildu nahi ditu mendi lasterkariak. Eta horretarako 20 km-ko lasterketa antolatu du Nafarroako hegoaldeko lurralde ikusgarri honetan. “Basamortuari dagozkion klima eta orografia gordinak, zabalgune eta erliebe bitxiak eskaintzen dizkio bisitariari. Inoiz ez da oinezko lasterketarik antolatu Bardeetan, bere dimentsio erraldoiaz izututa ziurrenik. Erronka polita beraz”, aipatzen dute antolatzaileek.

“Santxikorrota” pertsonaia historikoa da: XV mendeko bidelapur ezaguna. Cascantetik ihes egin behar izan zuen norbait hiltzeagatik eta Bardeak izan zituen babesleku. Euskalduna izanen zen ziurrenik, bere izena euskal jatorria izan baitezake: “Santxo” (“iko” diminutiboarekin) eta “errota”, Cascanteko errotaria izan baitzen. Legez kanpokoa izanik, pertsonaia honek behin baino gehiagotan ibili izan beharko zuen lasterka Bardeetan, soldaduak atzetik zituela. Eta horregatik hartzen du bere izena lasterketa honek.

Lasterketa 2022ko urriaren 2an burutuko da, lehen aldiz. Hilabete honetan Nafarroako basamortu honetan eguraldia ez da bereziki gogorra izaten, eta bertan habia egiten duten hegaztien umaldia errespetatzen du data honek.

Bestetik, eta kontu teknikoetan sarturik, lasterketak ez du inolako helburu ekonomikorik, beraz ez da sari ekonomikorik izanen eta izen ematean ordaindu beharrekoa ere ahalik eta xumeena izanen dela iragarri dute antolatzaileek, lasterketaren gastuei aurre egiteko. 400 korrikalari biltzea espero dute. Goizeko 11:00etan abiatuko da “Santxikorrota” izeneko Cabezoaren oinetik. “Agerraldiak” antolatutako zortzi autobusetan iritsiko dira 400 korrikalariak irteera puntura. Izena emateko epea zabaldu da dagoeneko.

    20 km pasatxo izanen ditu ibilbideak: lehen hiru laurdenak Bardeetako lurretan, eta beste laurdena Arketaseko udalaren lurretan, non korrikalariak bertan dutxatzeko aukera izanen duten. Ibilbidean zehar hainbat hornidura puntu izanen dituzte korrikalariek. Ibilbidea desnibel txikikoa da eta dagoeneko “Wikilok”en gordeta dago lasterketren “track”a.

Gehiago