Sanferminetan euskal preso eta iheslarien etxeratzea eskatuko dute jaia eta aldarrikapena uztartuz

2026-ko ekainak 18

Etxerat elkarteak eta Sare Harritarrak Armonia, Bullicio, Alegria, San Fermin, Jarana, Irrintzi, Aldapa, Muthiko, La Unica, Arrotxapea, Sanduzelai eta Donibane peñekin batera agerraldia egin dute gaur hurrengo Sanferminetan izanen diren ekimenen berri emateko.

Sanferminetan Iruñea munduko hiriburu bihurtzen dela jakitun, jaia aldarrikapenarekin uztartuko dute eta preso eta iheslari politikoei bere tartea eskainiko zaie, euren etxeratzea eskatuz. “Brindisak egiteko eta milaka unetxo edo momentico bizitzeko egunak” dira Sanferminak. “Elkartzeko, besarkatzeko egunak, Iruñea mundura irekitzeko eta munduak bere buruari Iruñean begiratzeko egunak”, hain zuzen ere.

“Festaren magian murgiltzeko gogoa badugu ere, ezin dugu ahaztu urtetako gatazkaren ondoren oraindik orain konpondu gabeko ondorioak ditugula konpontzeko”, adierazi dute. Horregatik, San Ferminetako momentu bat irudikatu nahi izan dute: “denok dakigu entzierroan ez duela balio atzeraka laster egiteak. Aurrera joatea da alternatiba bakarra eta plaza, azken helmuga denontzat. Helmuga, elkartzeko gunea”.

“Gure azken helmuga bada preso eta erbesteraturik gabeko San Ferminak ospatzea, baina presoen etxeratzea modu artifizialean mantsotzeko oraindik salbuespenez baliatzen den espetxe politikak entzierroa korritzen ez dakitenek bezala egiten du. Oztopatu helmugarako bidea eta oztopatu beraz, etxerako bidea”.

Preso eta erbesteraturik gabeko San Ferminak “gure helmuga” direla azpimarratuz, hainbat ekimen antolatu dira. Batetik San Ferminen aurretik eginen den mobilizazioa, uztailaren 3an, ostirala, 20:00tan Gaztelu Plazatik abiatuko dena. Bestetik, uztailaren 8an, ospatuko den Etxera Eguna. Bazkari herritarra Joxe Avila, Arrosadiako Civivox-en, Trikidantz Taldearekin bazkal ostea eta gaueko kontzertuak Herriko Tabernan.

Gehiago