San Fermin Txiki, irailaren 26tik 28ra auzotik eta auzokidentzat egindako jaiak ospatuko dira

Alde Zaharreko Jai Batzordeak auzoko jaiak antolatu ditu eta adin guztiendako jarduerak eskeiniko dira.

2025-ko irailak 18

Irailaren 26tik 28ra ospatzen ditu bere jaiak Alde Zaharrak, San Fermin Txiki. Jai Batzordeak antolatutako jarduera egitarau zabala eskainiko zaio auzoari. Jarduera herrikoiak, irisgarriak, berdintasuna bermatuko dutenak eta parte-hartzaileak, aurten ere lan komunitarioari, auzotarren eta Alde Zaharreko kolektiboen ahaleginari eta auzoko merkataritza- eta ostalaritza-sarearen laguntzari esker aurrera ateratzen direnak.

Asteburuan zehar, auzoa festaz festa ibiliko den arren, Palestinan etenik ez duen genozidioa ez dute ahaztuko, eta ostiralean arratsaldeko 16:30ean Auzogunean, palestinar herriaren alde eginen den argazki herrikoia eginen da. Ildo beretik, auzoko balkoietan Palestinako banderak jartzera animatzen ditu Jai Batzordeak bizilagunak.

Hiru egun jai herrikoiaz beterik

Aurten ere, Udalbatza Txikiak irekiko ditu jaiak, ostegunean, hilak 25, Auzoguneari irekiera emanez eta, ostiralean, 12:30etan, Corazonistasetik txupinazoa jaurtiz. Ostiral goizean txikientzako jarduerak eta auzoko hainbat puntutan emanen diren hamaiketako eta bazkariekin jarraituko dugu. 16:30etako Palestinar herriaren aldeko argazkiaren ostean, arratsaldean haurrentzako jarduerak, Mañuetan haurrentzako pilota partidak, Jito Alain Sanfermin Txikiko kirol txapelketaren edizio berria eta Alde Zaharreko erraldoi eta kilikien konpartsaren irteerak izango dira. Gaualdean Kaleko afari autogestionatuek, Auzoguneko, tabernetako eta auzoko beste espazioetako kontzertuek itxiko dute eguneko egitaraua.

Larunbatean, dianek emanen diote hasiera egunari. Hauen ondoren, trikitilari, dantzari eta auzoko konpartsek jarraituko dituzte Alde Zaharreko kaleetan barrena. Goizean zehar, oraindik eskuratu ez dutenek, AZ sare komunitarioko Memoria Historikoko taldeak editatutako “Auzoa erdigunean. Alde Zaharreko auzo mugimenduaren mende erdia” liburua erosteko aukera izanen dute Kuria eta Nabarreria kaleen arteko izkinan jarritako mahaian. Eguerdian herri bazkariak eta kaldereteak antolatu dira auzoko hainbat puntutan, eta ondoren, arratsaldean, haurrentzako jarduerak, pilota partidak eta zezensuzkoaren irteera izango dira. Gauean zehar, kontzertuak izango dira Auzogunean zein taberna eta gune ezberdinetan.

Igande goiza gozotzeko, karmen kalean salda banaketak emango dio hasiera goizari. San Jose plazan artisau-azoka izango da; Nabarreria plazan, jota jaialdia; eta Kuria eta Nabarreria kaleen izkinan, berriz ere, “Auzoa erdigunean” liburuaren salmenta-puntua. Arratsaldean, Alde Zaharreko erraldoiak auzoko kaleetan barrena ibiliko dira, eta musika izanen dugu Nabarreria plazan. Txikientzat, Santo Domingoko aldapan eskorgako zezenen kontzentrazioa izanen da, Dormitaleriatik haurrentzako entzierroa eta, jaiak ixteko, azken zezensuzkoa.

Auzotarrekiko errespetua eskatzen du Jai Batzordeak

San Fermin Txikin auzokideekiko errespetua zaintzeko deia ere egin du Jai Batzordeak. Gogoratzen dute urtean zehar auzoko bizitzarekin zerikusirik ez duten ekitaldi eta jarduera gehiegi jasaten dituztela. “Urteak dira Jai Batzordea San Fermin Txikik auzokideengan duen eragina arintzeko lanean ari dela. Horregatik urte hauetan zehar Auzogunea bezalako guneak bultzatu ditu, Santo Domingoko baratzetan kokatuta jendea bizi den eremuak arintzeko aukera ematen duen espazioa hain zuzen ere. Gainera, ekintzak antolatzeko orduan, Jai Batzordeak jai eta herri antolakuntza auzotarren zaintza eta errespetuarekin uztartzea helburu duen protokolo zehatza jarraitzen du. Horren ondorioz, adibidez, iaztik Nabarreria plazako dantzaldiak kendu dira, eta aurten dantzaldi bat baino ez da egingo, arratsaldez, Konpainia plazan”, zehaztu dute.

Horren ondorioz, Jai Batzordeak finkatutako irizpideen artean 24:00etatik aurrera kaleko jarduerarik ez programatzea erabaki du, eta musika jardueretarako gehienez hiru orduko iraupena ezarri du. Gainera, kale estuetan eta eremu saturatuetan soinu inpaktua duten jarduerak saihestea du helburu. Jai Batzordeak, halaber, jaietan parte hartzen duten pertsona guztiek auzoa, kaleak, atariak eta horietan bizi diren pertsonak errespeta dezatenaren garrantzia azpimarratu nahi izan du.

Gehiago