Sakana Trenaren Alde plataformaren AHTri buruzko hitzaldi sorta eskeiniko du

Hitzaldi informatiboak prestatu dira Nafarroako AHTren proiektuaren egoeraz informatzeko eta xehetasun handiagoz proiektuak hitzaldiko herrian eta ondokoetan ere dituen ezaugarriez eta eraginez azaltzeko. Etxarri Aranatz, Arruazu, Urdiain, Olazti, Uharte Arakil, Arbizu eta Altsasu herrietan izanen dira hitzaldi hauek.

2018-ko otsailak 8

Sakana Trenaren Alde plataforma duela gutxi jaio zen eskualdean herriak lotzen dituen ohiko trenaren zainketa eta hobekuntza sustatzeko eta bailaran ingurumena eta ekonomia kaltetzen dituen AHT azpiegituren inposaketa salatzeko helburuekin.

Azken arrazoi horrengatik, Iruñerria eta Euskal Y-a lotzeko Sustapen Ministerioak egindako iragarpenaren aurrean, plataformatik erabaki da herritarren ahalik eta sinadura eta alegazio gehien bultzatzea. Baita eskualdeko udalak eta kontzejuak ere gonbidatu dira beraien berariazkoak aurkez ditzaten, eta bilkurak eta hitzaldiak antolatzen ari dira bi ekimen horiek azaltzeko.

Alegazioak Sustrai Erakuntza Fundazioarekin elkarlanean prestatu dira, eta azken honek osoki argitaratu ditu bere web orrian, halaber informazio egokia edozein partikularrek edo entitatek aurkezterik izan dezan.

Alegazioak era bateratuan aurkeztuko dira otsailaren 27an, goizean, Iruñeko Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren erregistroan.

Plataformatik ondoko hitzaldi informatiboak prestatu dira Nafarroako AHTren proiektuaren egoeraz informatzeko eta  xehetasun handiagoz proiektuak hitzaldiko herrian eta ondokoetan ere
dituen ezaugarriez eta eraginez azaltzeko:

    Etxarri Aranatz, Kultur Etxean, otsailak 8 osteguna, 18:00etan.

    Arruazu, Udaletxea, otsailak 10 larunbata, 17:00etan.

    Urdiain, Udaletxea, otsailak 14 asteazkena, 19:00etan.

    Olazti, Kultur Etxea, otsailak 15 osteguna, 19:30ean.

    Uharte Arakil, Udaletxea, otsailak 16 ostirala, 19:00etan.

    Arbizu, Argi Bidea Gazte Elkartea, otsailak 17 larunbata, 18:00etan.

    Altsasu, Gure Etxea, otsailak 21 asteazkena, 19:00etan.

Aste honetan Altsasun ere mahai bat jartzen ari dira Foruen Plazan kintoen dantzaldia bitartean. Han azalpenak ematen dira eta alegazioak sinatu daitezke.

Gehiago