Ratioen jaitsiera hezkuntza etapa guztietan aldarrikatu dute sindikatuek

Zizurko Erreniega eskolaren Lehen Hezkuntzako 2. mailan dagoen ikasle kopuruak sortu duen gatazka aintzat hartuz, STEILAS, LAB, CCOO, ELA, UGT sindikatuek eta Sortzen elkarteak irakaskuntzaren etapa guztietan ratioak jaistea eta Hezkuntzan inbertsioak handitzea eskatu dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean egindako elkarretaratze batean.

2023-ko urriak 6

Joan den astelehenean, urriaren 2an, Zizurko Erreniega eskolako hezkuntza-komunitateak elkarretaratzea egin zuen Lehen Hezkuntzako 2. mailan hirugarren talde bat sortzea eskatzeko. Maila horretan, 25 eta 26 ikasleko bi gela daude (gehieneko ratioa 25 da), eta ikasle batek premia espezifikoak ditu eta bik diabetesa dute, irakasleek kontrolatzen dutena. “Departamentuak ez du aintzat hartu ikastetxeko zuzendaritzaren eskaera,”, salatu dute sindikatuek, eta horregatik hasi dira mobilizazioak. Zizurreko Udalak ere adierazpen bat onetsi zuen irailean, Geroa Bai, EH Bildu, PSN eta AS Zizurren aldeko botoekin.

2023ko urtarrilean, Hezkuntza Publikoko mahai sektorialeko sindikatuok ratioak jaisteko proposamen bat aurkeztu zuten Nafarroako Parlamentuan. Bertan planteatzen zuten Haur Hezkuntzako 2. zikloan eta Lehen Hezkuntzan 25 ikasletik 20ra jaistea, DBHn 30 ikasletik 23ra, Batxilergoan 33 ikasletik 25era eta Lanbide Heziketako zikloetan 20 ikasletik 15era. “Gehieneko ratioaren aldaketa hori 2023-24 ikasturte honetan ezarri izan balitz, hirugarren taldea automatikoki sortuko zen eta Zizurko ikasleek, irakasleek eta familiek jasoko zuten horren onura”, ondorioztatu dute sindikatuek.

Era berean, 2023ko urtarrilean, Carlos Gimenok, ratioak linealki jaisteko proposamen sindikalari kontrajarrita, iragarri zuen 20ra jaitsiko zirela hezkuntza-laguntzako premia espezifikoko ikasle asko dituzten ikastetxeetan, baina soilik 3 urtekoen kasuan. “Kasu horrek argi adierazten du adin jakin batera eta ikastetxe jakin batzuetara mugatutako ratioen jaitsiera horrek ez duela funtzionatzen, eta taldeak bikoizteko irizpidea hobetu behar dela”, iritzi dute sindikatuek.

Hezkuntzan inbertsioak haunditu
Nafarroako Gobernuak Hezkuntzako inbertsioa handitzeko konpromisoa hartu du, BPGren %5era iritsi arte. Gainera, PSNrekin batera koalizio gobernua osatzen duten bi indar politikoek, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek, ratioen jaitsiera lineala eraman zuten haien hauteskunde programetan. Gauza bera proposatu du EH Bilduk ere, Gobernua babesten duelarik Parlamentuan. Sindikatuek, konpromiso eta jarrera hauek kontutan hartuz, Parlamentuko gehiengo aurrerakoiari eskatzen diote 2024ko aurrekontuetan partida nahikoa sar dezala “hezkuntzaren etapa guztietan ratioen jaitsiera lineala gerta dadin eta Departamentuak berehala konpon dezan Zizurko eskolaren arazoa” eta “kalitatezko hezkuntza izateko eskubidea bermatu” dezala.

Gehiago