PSN, sozialismoa nafar eran: urdaiazpikorik gabeko amuarraina

Ivan Gimenez kazetariaren Corralito foral liburu arrakastatsua irratsaio bihurtu dute Euskalerria Irratian, Nafarroako eliteen azken 80 urteak aztertzeko. Lehen atalean, inplosio betean dabilen alderdi sozialistaren historia eta istorioak aztertu ditu Euskalerria Irratiko lagunekin.

2016-ko urriak 7

1996ko ekainaren 17an, gaueko 11,30etan. Zuastiko golf zelaian, Javier Otano Nafarroako presidenteak dei bat jaso zuen. Musean ari zen Javier Taberna, Miguel Ángel Ancízar eta UGTko beste kide batekin. Diario de Navarratik xake matea jakinarazten zioten: “Bihar, zure izenarekin Suitzako banku-kontu sekretu bat dagoela aterako dugu bihar portadan”. Felipe Gonzalezekin hitz egin ondoren, dimisioa aurkeztu zuen, eta horrekin batera bukatu zen UPNrik gabeko Gobernua (PSN-CDN-EA). Betiko oligarkiak PSNren kontrola galtzear zegoen, eta Alliren traizioa ezin zuen onartu.

Hau da El Corralito Foralean agertzen den pasarte bat, Nafarroako gertuko historiaren pasarte ezanguratsuetako bat, PSNren ibilbide beltzaren istorio txiki bat, besterik ez. Alderdi sozialistaren jarduera politikoa ustelkeria eta azpijokuen beterik egon delako. Eta hori guztia bildu du Ivan Gimenez kazetariak bere liburuan, eta orain Euskalerria Irratirekin guztia kontatuko du hainbat irrati saioetan. Baina jarrai dezagun kontatzen PSNk egindakoak.

Goian aipaturiko banku-kontu hura Urralbururen garaitik zetorren, eta oso erabilgarria izan zen PSN bere bidera itzularazteko. Casus belli beharrezkoa zen, nolabait, eta EAErekin Erakunde Komun Iraunkorrak bete zuen paper hori. Miguel Sanz-ek PSNri eskaini izan zion Gobernua partekatzea Erakunde hura bertan behera uztearen truke, baina alferrik. Orduan, Mayor Oreja Barne ministroaren laguntza iritsi zen, eta Roldan aferaren paperen artean atera zen Otanoren banku-kontua. “Non geundeke kontu hura gabe?” Galdetu zuen gero Sanzek… Batez ere, non legoke bera…

Hiruko Gobernua deseginda, Txiki Benegas (PSOE) eta Alvarez Cascos (PP) hasi ziren negoziatzen nola bideratu Nafarroako politika. PSOEk onartu zuen UPN-PPri Gobernua ematea ikerketa gelditzearen truke. Horrela iritsi zen Sanz presidentetzera, bide batez PSNren menpekotasuna betirako bermatzen, orduan sozialista nafarren behin-behineko zuzendaritza aitortu zuen bezala: “UPN da Nafarroa hobekien ordezkatzen zuen alderdia”. Hau da, alderdi batek esaten beste bat hobea dela. PSNrentzat ere, gaindiezina.

PSNren historia ez zen Otanorekin hasi. Gerra Zibilean jazarpen larria jaso ondoren, 1973tik aurrera berreraiki zen Nafarroan, eta berehala aurkitu zuten hautagairik egokiena: oraindik apaiza zen Gabriel Urralburu zaraitzuarra. 1976an EAJrekin batera Gernikako Arbola abestetik, 1982ean Euskadiko sozialistetik bereiztera igaro zen oso bilakaera azkarrean, beti ere Diario de Navarraren txaloak entzuten. Beste sozialistak haratago joan ziren, Zabala Urra bezala: “nazionalismoa, alkohola eta bihotz-gaixotasunak hiltzeko arrazoirik hedatuenak dira”.

Hein handi batean, Barcinak PSNri zor dio bere arrakasta politikoa, Burdin-Dama itxura hartzen hasi zelako Iruñeko alkatesa zenean, Jimenez eta Iturbe sozialisten babes politikoari esker. Horren adibidea da Gaztelu Plazako aparkalekuaren inposaketa. Edo hiri-autobus publikoen salmenta Connex multinazionalari, PSNren bozketaren azken orduko aldaketaren bidez gauzatu zena. Handik egun gutxira Jimenez horren enpresaren abokatua bihurtu zen. “Urralburismoaren arrastoak”, salatu zuen Diario de Noticiaseko editorialak.

2007ko hauteskundeen ondoren, UPNrik gabeko Gobernua egiteko aukerari uko egin zion PSNk, bi hilabeteko sasi-negoziazioei eutsi ondoren, izugarrizko etsipena sortuz (abuztukada). Are okerragoa zen 2011ko hauteskundeek ekarri zuten ondorioa: Barcina presidentea eta Jimenez (PSN), presidenteordea. Azkenean Grosse koalition nafar eran gauzatu zuten, betiko nabarrismoaren ametsa erralitatea bihurtuz. Baina ametsak betetzen direnean gertatzen den bezala… apurtu egin zen. Ituna eta tensioaren arteko oreka izan da UPN eta PSNren harremanaren gakoa, baina Gobernu berean ezinezkoa da…

Barcinak PSN Gobernutik bota baino lehen, parlamentari sozialista batek bere eserlekua utzi zuen: Jorge Urdanoz irakaslea: “PSN noraezean dabil. Dimisioa aurkeztu nuen hilero 2.800 euro kobratzen nituelako ezer egitearen truke”. Horrek esplikatzen du bere alderdikideek zergatik jarraitzen duten. Beste batek, Juan Moscoso diputatuak, orduan azaldu zigun liburu batean benetako ezkerrak zer egin behar duen: “Klase sozialen diskurtsoa ahaztea”. Jakina, bere familiak 1,6 milio euroko etxetzarra salgai jarri zuen Iruñeko erdialdian. Berarentzat ez dago klase sozialik.

XX. mendean, PSOE izan zen langilea, errepublikano eta federala, gaur neoliberal, unionista eta monarkiaren aldekoa bada ere. Jimenezek 2014an gehitu zuen: “Nafarroa forala Espainiaren barruan nahi dugu, eredu hau arrakastatsua izan delako”. Hitzak soberan daude. Ala ez… Ada Colauk, Bartzelonako alkatesa izan baino lehen, aitortu zuen: “Gurasoek urte luzez PSOE bozkatu zuten, baina proiektu horren jarraitzaileek beste bat bilatu behar dute; PSOEk egin dezakeen gauzarik onena desagertzea da”.

Gehiago