Protesta artean bisitatu du Aierdi presidenteordeak Aroztegia
Nafarroako Gobernuaren babesa eman dio proiektuari eta EH Bilduren ustez, «bere alderdiaren babesa gobernua sustengatzen dugun lau indarron jarrerarekin nahasi du»
2016-ko maiatzak 10
Manu Aierdi, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako presidenteordeak Lekarozko Aroztegia ingurua bisitatu du maiatzaren 10ean sustatzaileekin batera eta Nafarroako Gobernuaren babesa eman dio proiektuari. Bien bitartean, Aroztegia eta gero zer? Plataformako kideek herri galdeketa eskatuz eta Barkosen gobernuaren jarrera salatuz oihu egin dute eta enpresak zazpi baztandar auzira eramanen dituela salatu dute.
Manu Aierdiren erranetan, «Nafarroako turismorako eta Baztanen lana sortzeko baliagarria» izanen da Aroztegiako proiektua. Gehien bat turismoaren arloa azpimarratu du, hotelak 135 logela bikoitz izanen lituzkeela eta urtean 98.550 plazako potentziala duela. Lan arloari dagokionez, eraikuntza fasean 50 lanpostu eta funtzionatzen duenean bertze 52 sortuko dituela aipatu du presidenteak. Hirigintza egitasmoaz ez du deus aipatu eta proiektuak sortzen duen kontrako jarrera ere ez duela ulertzen aipatu du: «Ez da ulergarria interes pribatua espekulazioarekin, pelotazoarekin edo gisakoekin lotzea… Erakunde publikoen aldetik, bidezkoa den interes pribatu hori interes kolektiboarekin bat egitea lortu behar da, eta halaxe gertatzen da Aroztegian». Herri galdeketaren fasea gainditua dagoela ere adierazi du presidenteordeak.
Aierdik Aroztegiari emandako babesa salatu du EH Bilduk
Baztanera egindako bisitan Manu Aierdi Nafarroako lehenadakari ordeak egindako adierazpenak salatu ditu EH Bilduk. «Aroztegiako PSIS-a hasieratik gaizki jaio zen egitasmoa da, funtzioetan zegoen gobernu batek onartu baitzuen Baztango udalari dagozkion eskumenak urratzeko asmoarekin» adierazi du Adolfo Araizek, EH Bilduko parlamentuko parlamentariak. «UPNren pozoindutako herentziaren beste parte bat dugu Aroztegiakoa. Lehendakariordeak nahi ala ez, etxebizitzen eraikuntzarako negozio bikaina topatu dute Aroztegian egindako lur sailen errekalifikazioarekin».
Nafarroako Gobernuaren iritzia eta bere alderdiaren iritzia nahastu ditu Aierdik, EH Bilduren ustez: «Ezin da onartu Aierdi lehendakariordeak proiektu espekulatibo honi ematen dion babesa, aldaketaren gobernua sustengatzen dugun lau indarron jarrerarekin nahastea».
Aierdik eskatzen duen ikusmira argi du EH Bilduk: «zonaldeko beste eragileek bezala, babesa erakusten diogu Aroztegiako proiektu turistikoari, bainan erabat kontra gaude, proiektu horrekin batera sartu nahi duten asmo urbanistikoarekin. Ez gaude promozio turistikoaren kontra» adierazi du Araizek, «bainan ezin dugu onartu UPNk egindako errekalifikazio ad hoc bat onartu, pelotazo urbanistiko berri bat babesteko».
Aroztegiako sustatzaileek epaitegietako bidea hartu izana salatu dute
Lekarozko Aroztegiako egitasmoaren sustatzaile den Palacio de Arozteguia S.L. enpresak epaitegietako bidea hartu du. Alde batetik, Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohia eta gaur egun alkate den Joseba Otondo salatu ditu prebarikazio delitu bategatik. Bertzetik, prentsaurreko batean egindako adierazpenengatik zazpi baztandarren aurka ere demanda jarri du.
Garbiñe Elizegi alkate ohiari eta Joseba Otondo alkateari prebarikazio delituagatik jarri die auzia enpresak eta ekainaren 24an deklaratu beharko dute Iruñeko Instrukzio Epaitegian.
Bigarren demandaren berri maiatzaren 6an eman zuten. Andone Garde, Begoña Etxandi, Itziar Torres, Agurtzane Obregozo, Karlos Beristain, Garbiñe Elizegi eta Miren Meokiri, prentsaurreko baten egindako adierazpenengatik 50.000 euroko kalte ordainak eskatzen dizkiete, bertzeak bertze.
«Herritarrak isilarazi eta beldurtzeko helburua dute»
Honen aitzinean, Aroztegia… eta gero zer? Plataformaren ustez, «argi dago jokaldi honekin enpresaren helburua herritarrak isilarazi eta beldurtzea dela, eta baztandarrok Aroztegiako proiektu urbanistiko espekulatzailearen aitzinean dugun iritzea ez ematea». Plataformak jakinarazi duenez, «dirudunak izateagatik Nafarroako komunikabide hegemonikoak beren bozgorailu bezala erabiltzen ahal dituzte, herrialdeko abokatu garestiena kontratatzen ahal dute, UPN eta Geroa Bairen gobernuengandik lehentasunezko tratua jasotzen ahal dute, baina ezinen dute inolaz ere ehundaka baztandarrek abiatu dugun herri galdeketaren prozedura geldiarazi».
Aroztegia… eta gero zer? Plataformak gogor salatu nahi du Palacio de Arozteguia S.L. enpresak jazarpen judiziala aukeratu duela, «batzuk gatazka sozialaren aitzinean irtenbide demokratiko bat planteatzen dugun bitartean». Eraso honen aitzinean, Plataformak inoiz baino argiago du abiatu den bidetik segituko duela eta ez duela etsiko helburua lortu arte: «Eskatzen dena argia da, eta ehundaka baztandarrek beren sinadurekin eta apirilaren 23an Elizondoko karriketan eskatu duten gauza bera da: Herri galdeketa».