Presoen aldeko ekimen mobilizatzaile berria aurkeztu du ezker abertzaleak
“Euskal Udaberria Kalera, Bakea eta Askatasuna irabaztera!” izango da dinamikaren lelo berria, eta honen bitartez, gatazkaren ondorioak konpontzeko ekarpena egin nahi du ezker abertzaleak.
2017-ko martxoak 22
“Bake eta askatasuneko geroa nahi dugu gure herriarentzat”, adierazi du Kalera Kalera dinamikako bozeramaleak, Jokin Urainek. Zenbait prozesu oraindik garatu gabe daudela gaineratu du: “Presoak kaleratzearen aldeko borroka, memoriaren aldekoa, biktima guztien aitortza eta erreparazioaren aldekoa, zein desmilitarizazioaren aldekoa, besteak beste”.
“Espetxe frantziar eta espainiarretan preso politikoak dauden bitartean, iheslari eta deportatuak dauden bitartean, ez da izango Euskal Herri libre eta baketsurik”, azaldu du Urainek. Udaberria Kalera, Bakea eta Askatasuna irabaztera! ekimenaren bidez presoen auzia agendaren erdigunean kokatu nahi du ezker abertzaleak. Ekimen politiko eta mobilizatzaile berria izango da.
Ekimenaren 5 mugarriak
Hasteko, preso politikoen nazioarteko eguna den apirilaren 17an, Gernikatik bake eta askatasunera lelopean ekitaldi sinbolikoa egingo dute Gernikan, bonbardaketaren 80. urteurrenarekin bat eginez.
Maiatzaren 8tik 14ra, Amnistiaren aldeko Astearen 40. Urteurrenaren harira, hura gogoratzeko oroitzapen ekitaldiak antolatuko dituzte amnistiaren alde jarduteagatik pertsonak hil zituzten herrietan. Horien artean, maiatzaren 14an nazio manifestazioa egingo dute OreretaErrenterian. Horrekin batera, maiatzaren 20ean Frantziako eta Espainiako hiruna kartzelara martxak antolatuko dituzte.
Udari dagokionez, Hatortxu Rock jaialdiaren bezperatan, zazpi eguneko oinezko martxa batekin Gernika eta Sakana lotuko dituzte, uztailaren 20tik 27ra hain zuzen ere.
Azkenik, herrietako jaietan ekimen politiko eta mobilizatzaileei jarraipena emateko borondatea azaldu dute.