Presoak etxeratu ditzaten eskatzeko manifestaziora deitu du Kalera Kalerak apirilaren 21ean

"Iritsi da presoak kaleratzeko aldarria berriro ere euskal agendara ekartzeko momentua", adierazi du Miren Zabaleta Sortuko idazkari nagusiak. "Konponbidearen ildoan", lehen gradua gainditzeko eskaera jarriko dute. Apirilaren 21ean izanen da manifestazioa.

2018-ko martxoak 14

Bada garaia! Presoak kalera. Konponbidea, bakea, askatasuna lelopean manifestazio nazionala antolatu du Kalera Kalera dinamikak, Bilbon, apirilaren 21ean, La Casillatik aterata, 17:30ean.

“Iritsi da ezker abertzaleak euskal presoen izaera politikoa aldarrikatzeko momentua. Iritsi da presoak kaleratzeko aldarria berriro ere euskal agendara ekartzeko momentua. Presoak kalera atera behar ditugu, eta hori lortu bitartean ez dugu ahaztu behar presoek premiazko hainbat gai dituztela, konpondu beharrekoak eta lehentasunezkoak”, adierazi du Miren Zabaleta Sortuko idazkari nagusiak.

Hurbilketa mailakatua
Presoen arloan egindako urratsak izan ditu gogoan: Ipar Euskal Herrian, Hélène Davo Frantziako Justizia Ministerioko ordezkariarekin bildu zen ordezkaritza bat, eta, hori dela medio, euskal delegazioak EPPKrekin batzeko aukera izan zuen, zazpi euskal preso politikori DPS erregimena kendu zieten eta Mont-de-Marsan espetxera hurbildu zituzten hainbat preso.

Hego Euskal Herrian ere “urrats mantsoak baino irmoak” egin direla nabarmendu du Kalera Kalerak. “Premiazko gaietan adostasun zabala egon badago eragile politiko, sozial eta instituzionalen artean, hau da, sakabanaketarekin amaitzeko eta preso gaixoak askatzeko. Horren froga garbienak dira Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan lortutako akordioak”.

“Jakin badakigu hurbilketaren prozesua mailakako prozesua izango dela eta auzi guztiei ez zaiela epe laburrean aurre egingo, baina egoera guztiek (emakumeak, zigor luzeak, estradizio arriskua dutenek…) izango dute erantzuna”, ziurtatu du Zabaletak.

Lehen graduaren amaiera
EPPKko presoek “lege arrunta” erabiltzeko konpromisoa hartu ostean, espetxeen barruan ibilbide hori jorratzen hasi direla iragarri dute. Euskal preso politikoen “kopuru handi batek” eskaera aurkeztu du.

“Hemendik aurrera lehen gradua gainditzeko eskaera jarriko da konpobidearen ildoan, lege arrunta erabiltzeko ezinbesteko premisa baita. Izan ere, espetxe administrazioak euskal presoak modu sistematiko, orokor eta jarraituan sailkatzen ditu lehen graduan. Neurri horrek kartzeletako legedian urratsak ematea oztopatzen du, tratu indibidualizatua mugatzen du eta kartzelako hainbat eskubide izatea ukatzen du”, iragarri du Oihana Garmendia Kalera Kalera dinamikako eledunak.

Manifestazioaz gain, herrietan
Apirilaren 21ean izanen da manifestazioa, Bilbon; aurretik, baina, hainbat ekimen eginen dituzte: apirilaren 17an, ekitaldi bat, Galdakon, lehen gradua amaitu dadila eskatzeko, 70 urtetik gorakoen eta preso gaixoen kaleratzea exijitzeko eta hurbilketa galdegiteko. Horrez gainera, apirilaren 18tik 20ra herrietako eta auzoetako tokiko deialdiak gauzatuko dituzte.

Gehiago