“Prekaritatearekin bukatzeko borrokan ari gara” mezuarekin ospatuko du ELAk Maiatzaren Lehena Iruñean

ELAk Iruñean manifestazioa deituko du Maiatzaren Lehena ospatzeko; aurten, bizitzaren garestitzearen eta 134.330 lan prekarioen aurkako ekimenak lehenetsiko ditu sindikatuak. Manifestazioa 11.30etan abiatuko da Gurutze Plazatik.

2022-ko apirilak 25

ELA aurtengo Maiatzaren Lehenera iritsiko da bizitzaren garestitzearen eta 541.600 lan prekarioen aurkako ekimen eta kanpainetan murgilduta, eta horregatik ‘Borrokan ari gara, prekarietatearekin amaitu’ leloa hautatu du sindikatuak.

“Jakina denez, Maiatzaren Lehena ospatzea gizartearen begirada berdinzaleagoa eta solidarioagoa aldarrikatzea da. Era berean, beste mundu bat eraikitzeko premiazko konpromiso kolektiboa da, beti ere kapitalismoaren aurka: planetaren mugak kontuan hartzen ez ditu, gero eta desberdintasun gehiago sortzen ditu eta krisi energetikoarekin eta inflazioaren hazkundearekin kolpatzen gaitu”, adierazi du ELAk.

2021ean enpresek inoiz baino mozkin gehiago izan dituztela gogoratu du ELAk, baina hala ere gobernuek soldatak ez igotzeko deia egin dutela arbuiatu du sindikatuak. “Errenta-ituna deitzen diote. Zer da hori? Mahai batean patronalarekin eta gobernuekin eseri soldatak igo ez daitezen. ELAk ez du errenta-itunik sinatuko langileak pobreagoak izan daitezen”, ziurtatu dute Iruñean emandako prentsaurrekoan. “Bizi dugun une honetan milaka pertsona egoera prekarioan daude, soldaten defentsa (KPIaren igoera) eta emakumeek pairatzen duten soldata-arrakalarekin amaitzea dira sindikatuaren borroka nagusietako batzuk”, esan dute.

Lan prekarioa, emakumeak eta lan erreforma

ELAk salatu du Hego Euskal Herrian 541.600 langile baino gehiago egoera prekarioan daudela (407.300 EAEn eta 134.330 Nafarroan). Emakumeak dira errealitate hori gehien jasaten dutenak, sindikatuaren iritziz. “Enplegu prekario horiekin amaitzea da sindikatuaren zeregin nagusia, eta errealitateak erakusten digu borroka sindikala dela biderik eraginkorrena. Milaka pertsona soldata baxuekin, euren lanpostuetan behar besteko segurtasunik gabe eta lan-erreformaren ondoren aldizkako finko izenaren atzean ezkutatu nahi diren behin-behineko kontratuekin”, kritikatu dute.

Etxebizitzaren egoera ere izan dute hizpide, izan ere etxebizitza bat eskuratzea gero eta zailagoa da biztanleriaren parte handiarentzat, eta ELAren hitzetan espekulazioari mugak jarri behar zaizkio. “80.000 etxebizitza hutsik daude eta alokairu sozialeko parke publikoa hutsala da, eta etxebizitza bat eskuratzea gero eta zailagoa da biztanleriaren parte handiarentzat.”, salatu dute.

Nafarroako Gobernua, neoliberalismoaren abanguardia
ELAren ustez Nafarroako Gobernua “neoliberalismoaren abanguardian dago”, eta gizartearen beharrak asetzeko baliabide guztiak erabili ez izana leporatu dio. “Espainiako Bankuaren arabera, Nafarroa izan zen 2021ean superabit handiena izan duen Estatu osoko Erkidegoa 2021ean. Hau da, Nafarroako Gobernuak gizarte-beharrak asetzeko zituen baliabide guztiak ez erabiltzea erabaki du. Hau guztiz ulertezina da Osasunbidearen kolapso-egoera ikusita, adibidez, edo Covid-aren inpaktuaren ondorioz 2021ean Nafarroako biztanleriaren % 16 bazterketa arrisku egoeran egotea”, dio ELAk.

Legealdi osoan patronalaren interesen aurkako neurririk ez hartzea ere leporatu dio ELAk Nafarroako Gobernuari. “Horren adibide dira UPN Gobernutik atera eta zazpi urtera fiskalitate politikan aldaketarik ez gertatu izana, AHT eraikitzen jarraitzea, UGT, CCOO eta Patronalaren finantziazio publikoa berreskuratzea edo euskararenganako ekimen erasokorran”.

Iruñeko manifestazioaren deialdia 11:30tan Gurutze Plazatik abiatuko da, eta bere ibilbidean hainbat aldarrikapen plazaratuko ditu. Horien artean, energiaren prezioaren igoera eta gerra eta militarismoaren salaketa.

Gehiago