Pikete feminista Castillo de Javier hotelaren jabearen esplotazioa salatzeko

Castillo de Javier hotelaren jabea esplotazioagatik kondenatu eta gero, LAB sindikatuaren Pikete Feministak ekimen bat egin du gaur eguerdian hotelaren parean. Eskuorriak banatu eta pegatinak jarri dituzte hotelaren inguruetan.

2021-ko maiatzak 29

Atzo LAB sindikatuak salatu zuenez, hotelaren jabea judizialki zigortu izanak “ez du ezabatzen eskrupulurik gabeko enpresaburuek langileen eskubideak urratzeko duten inpunitatea”. Izan ere, hotelaren jabea den Juan Carlos Cipresek 9 hilabeteko kartzela-zigorra jaso du, langileen eskubideen aurkako delituagatik, eta 3.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio langileari, 6 urteko esplotazio jarraituan langileari sorturiko kalte moralengatik. Inpunitate honekin amaitzeko asmoz, gaur sindikatuaren Pikete Feministak hotelaren inguruetan eskuorriak banatu dituzte eta pegatinak jarri dituzte.

Nafarroako Probintzia Auzitegiak epai irmoa kaleratu du Iruñeko San Nikolas karrikako Castillo de Javier hotelaren Juan Carlos Cipres Aznar jabearen aurka, bulgariar jatorriko langile migratu batek jarritako salaketa penalaren ondoren. LABen ustez halako kalte-ordain “irrigarria” ezarri izanak eta epaian biktimaren generoa eta etorkin izaera aintzat hartu ez izanak erakusten dute “bizi-bizirik dagoela eskrupulurik gabeko esplotatzaile hauek darabilten inpunitatea”.LAB sindikatuak beharrezkotzat jotzen du azpimarratzea “sistema judiziala eta enpresaburuak eskutik hartuta dabiltzala, lotura estua dutela, eta Nafarroako (in)Justizia Jauregitik ateratzen diren gauza bakarrak sistema arrazista, heteropatriarkal eta kapitalistari leial zaizkion sententziak direla, behin eta berriz ukatzen ari baitira gizon zuri boteretsuengandik emakume langile askok jasotzen duten zapalkuntza hirukoitza”.Orain ezagutu den epaiaren salaketa ez zen izan Castillo de Javier hotelaren aurka jarritako bakarra. Langile horren lankide bat izan zen Lan Ikuskaritzan salaketa jarri zuen lehena, lanean ari zen baldintzak salatzeko; izan ere, Pepa migratu berria zenez, ez zen gai salaketa gaztelaniaz egiteko. Lankide horrek berak animatu zuen Pepa LAB sindikatura hurbiltzera, hurrengo ekintza judizialetan laguntzeko eta aholkuak emateko. Sindikatuak hainbat salaketa jarri zituen Lan arloko Epaitegian, kopuruak erreklamatzeko eta lan-jatorriko kontingentzia bat eskatzeko. Gainera, 2008 eta 2015 bitartean jasan zuena bide penaletik salatzeko aholkuak eman zizkion. Eta, azkenik, LABek ere ekintza sindikala erabili zuen, pikete feministaren protesta baten bidez, 2017. urteko abenduan.“Aipatzekoa da bai Lan Ikuskaritzak eta bai Lan arloko Epaitegiak zegozkien salaketak tramitatu zituztela eta Juan Carlos Cipres zigortu zutela bere garaian, nahiz eta ezarritako zehapenen zenbatekoek ez zieten justiziarik egin salatutako gertaerei. Orduantxe, bertze behin ere egiaztatu zen Juan Carlos Cipres bezalako esplotatzaile bati merkeago ateratzen zaiola esplotatzen jarraitzea gauzak behar bezala egitea baino”, salatu du LABek.Langile horren lan baldintzak esklabutzatik oso gertu zeuden: astean 6 gautan aireztapenik eta garbiketarik gabeko biltegi batean lo egitera behartzen zuen, gaueko harrera-zerbitzua egiteko; ez zuen asteko atseden egunik; lanaldi bikoitza egiten zuen; ez zitzaizkion lan istripuak onartzen…Jendea nahieran esplotatu ahal izateko Cipresek langileak patroi jakin baten arabera kontratatzen zituen, dio LABek: emakumea, kanpotarra, bere inguruan inor ez zuena eta bere kargura pertsonaren bat zeukana, eta hizkuntza guztiz menderatzen ez duena (kasu honetan gaztelania). “Horrek guztiak are zaurgarriagoa egiten du langilea, eta are gehiago enpresa txiki batean, non oso erraza baita botere-harremanak ezartzea, ez baitute ordezkaritza sindikalaren babes legala”, dio sindikatuak.“Zorionez, nabarmentzekoak dira Peparen lankide izan zirenen elkartasuna, ahalduntzea eta borroka —emakume migratuak denak—; izan ere, haien kontakizunak eta laguntza funtsezkoak izan dira esplotatzaile hau agerian uzteko eta Pepa jasaten ari zen bakartzea hausteko. Azpimarratzekoak dira, halaber, egoera horren aurrean hainbat erakundek eta auzo mugimenduk emandako erantzunak”, txalotu du sindikatuak.

Gehiago