Patxi Ruiz Txantreako euskal preso politikoak bere besoan zauriak eragin ditu kartzelari baten jarrera erasokorra salatzeko

Murtziako espetxean aurkitzen den preso politikoa erizaindegira eraman behar izan dute.

2019-ko abenduak 31

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak salatu duenez, Patxi Ruiz Txantreako preso politikoak gaur protestaldi gogor bat burutu du Murtzia II-ko kartzelan. Ruizek bere burua lesionatu du besoa objektu zorrotz batez ebakiz kartzelari batekin izandako istilu bat salatzeko asmoz. Eragindako zauriaren ondorioz erizaindegira eraman behar izan dute, bertan hamabi grapa jarri dizkiotela.

Presoak jakinarazi duenez, protesta honen helburua kartzelari batek euskal preso politikoekiko eta preso arabiarrekiko mantentzen duen portaera erasokorra salatzea izan da. “Kartzelari honek etengabeko jazarpena gauzatzen du aipatutako presoen aurka, etengabe mehatxuka eta haien bizitzak baldintzatzen. Kartzela-araudia beraren gainetik ere jarduten da, hainbatetan bere ordutegi eta ohitura propioak ezarriz, betetzen ez dituenari mehatxatuz. Hainbat preso arabiar kolpatu egin ditu azkenaldian eta egoera jasangaitz bihurtu du. Kartzelariak jarrera arrazistak eta faxistak mantentzen ditu”, salatu du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak.

Patxi Ruizek argi utzi nahi du ekintza hau “protesta politiko bat” dela, kartzelari honen “jarrera onartezinari” emandako erantzuna, hain zuzen ere. Azpimarratu du ez dituela zainak moztu, ez dela bere buruaz beste egiten saiatu eta bere ekintza “ez dagoela depresio batek ezta desesperazioak bultzatuta, baizik eta lehenago esan bezala, borroka egiteko beste modu bat dela”.

Gehiago