“Pasaiako Badia” dokumentalaren crowdfunding kanpainak 10.000 euro bildu ditu
Crowdfunding kanpaina amaitu berritan, balorazio positiboa egin dute dokumentalaren bultzatzaileek. Guztira, 300 lagun baino gehiagok egin diote ekarpen ekonomikoa 1984an Badiako Pasaian Poliziak hil zituen Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideen auzia aztertuko duen proiektuari.
2016-ko abenduak 23
Azken 40 egun hauetan elkartasuna eta babesa sentitu dutela aitortu dute Oinatzak Produkzioak taldekoek, eta proiektua aurrera eramateko indarra hartu dutela. “Kalitatezko filme bat egin eta ahalik eta hedapen zabalena emateko ardura ere sentitzen dugu. Bestalde, crowdfunding kanpainak finantzaziorako ez ezik, dokumentala eta Pasaiako kasua bera gizarteratzeko ere balio izan duela uste dugu. Lerrootatik, proiektuari ekarpen ekonomikoa egin diotenei nahiz dokumentala zabaltzen lagundu diguten guztiei gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu”, adierazi dute ohar batean.
Kanpainak iraun duen bitartean, dokumentalaren inguruko erakusketa jarri dute Eibar, Azkoitia, Pasai Donibane eta Errenteria-Oreretan. Diru-bilketa kanpaina amaitu den arren, urtarrilaren 20ra arte Donostiako Kaxilda liburutegian ere erakusketa ikusteko aukera izango da. Datozen hilabeteetan erakusketa leku gehiagotan jartzeko asmoa dute.
Orain grabaketa, edizio, posprodukzio nahiz hedapen lanak dituzte aurretik besteak beste. Dena ongi badoa, 2017ko udazken hasieran estreinatuko dute filma.
Crowdfundingeko ordainsariei dagokionez, DVDak, posterrak, on-line emanaldia eta zine emanaldirako sarrerak estreinaldiaren ondoren banatuko dituzte. Nekazal-etxe batean asteburu-pasa eta produktu ekologikoen otarraren zozketak, berriz, gabon hauetan bertan egingo dituzte. Era berean, datozen egunetan jarriko dira haremanetan ekarpena egin duten guztiekin.