Otsoportillo eta Gazteluko Legarrea leizeko hainbat gorpuzkiak identifikatu dituzte

Aranzadi zientzia elkarteko kideak Sagardia Goñi sendi osoaren gorpuzkiak topatu dituzte Gazteluko Legarrea leizean egindako indusketetan, eta Otsoportillon 4 lagun identifikatu dituzte.

2016-ko urriak 10

Aranzadi zientzia elkarteko kideak Otsoportilloko lezetik gutxienez sei pertsonen hezurrak atera zituzten. Egun berean eraildako senideei DNA laginak hartu zizkieten. Zientzialarien lanak emaitza eman du eta Otsoportillon eraildako lau zein diren identifikatzea lortu dute: Meliton Agirre Lezea olaztiarra, Francisco San Roman Galbete Urdiainen bizi zen altsasuarra eta Domingo eta Francisco San Roman Otxoa anai ziordiarrak. Emaitzak jakin ondoren Nafarroako Gobernua senideekin harremanetan jarri da, hezurrak emateko protokoloa ezarri eta aktibatzeko.

Aranzadik jakinarazi du Iberoko Zurbaoko hobitik berreskuratutako beste hezurdura bat identifikatu duela. Iruñeko zinegotzi bat da. Aurretik Victor Martiarena Irañeta uhartearraren hezurdura identifikatu zuten. Han egon beharko luketen Silverio Astiz Ezkurdia eta Silverio Astiz Lakuntza aita-seme uhartearren gorpuak identifikatzea falta dira.

Zein da zein Otsoportilloko leizean
Meliton Agirre Lezea
1895eko martxoaren 10ean jaio zen Martina eta Lorenzoren semea Olatzagutian. Teresa Gastaminza Goikoetxearekin ezkondu zen eta 5 seme-alaba izan zituzten. Porlandegiko langilea zen, UGTko kide eta buru. 41 urte zituela erail zuten 1936ko agorrilaren 24an.

Francisco San Roman Galbete
Josefaren eta Juan Estebanen semea 1901eko maiatzaren 20an jaio zen Altsasun. Maria Goikoetxea Solanarekin ezkondua, lau seme-alaba izan zituzten (Migel, Ruperto, Josefa eta Mª Rosalia). Urdiainen bizi ziren. Porlandegian lan egiten zuen. 1936Ko irailaren 25ean fusilatu zuten. Hil zutenean 35 urte zituen.


Domingo San Roman Otxoa

1898ko garilaren 6an jaio zen Tomasaren eta Pedro Migelen semea Ziordian. Ezkongabea zen. Porlandegian lan egiten zuen eta UGTko kidea zen. 38 urterekin hil zuten 1936ko irailaren 5ean. Haren anaia Francisco ere erail zuten.


Francisco San Roman Otxoa

Tomasaren eta Pedro Migelen semea 1902ko azaroaren 1ean jaio zen Ziordian. Ezkongabea. Porlandegian lan egiten zuen eta UGTko kidea zen. 1936ko irailaren 6an fusilatu zuten, 34 urte zituela. Haren anaia Domingo ere horrela hil zuten.

Sagardia Goñi sendi osoaren gorpuzkiak topatu dituzte

Bi gorputzen arrastoak falta zituzten: Juana Josefa Goñi amarenak eta semerik gazteenarenak, eta atzo topatu zituzten. Duela hilabete inguru bost seme-alaben gozpuzkiak topatuta zeuzkan Aranzarik, eta atzokoekin, sendia osoaren aztarnak topatu dituztela uste dute. Laborategian egiaztatu beharko dituzten arren, atzo topatutako hezurrak falta ziren bi kiderenak direla uste dute.

Pedro Antonio Sagardiak familia galdu zuen egun batetik bertzera. Haurdun zegoen haren emazte Juana Josefa Goñi, eta harekin zituen zazpi seme-alabetatik sei desagertu ziren 1936ko abuztuaren 30ean, Gaztelun. 18 urteko seme zaharrena baino ez zen libratu patu ilun hartaz. Eugin ari zen lanean Sagardia, eta han jaso zuen emaztearen gutuna, herritik bota nahi zituztela ohartarazteko. Gaztelura joan, baina herrira sartzeko aukerarik ez zuen izan. Atxilotuta, Doneztebeko Guardia Zibilaren etxera eraman zuten. Atera zenerako, familiaren arrastorik ez zen. Emakumea eta harekin ziren sei seme-alabak Gazteluko Legarreako leizera bota zituzten, antza. Osin haren ondoko txabola zahar batean pasatu omen zituzten azken egunak. Hari su eman eta familia hil zuten arte.

Gehiago