Otsailaren 8an Euskalgintza kalera aterako da Justiziaren euskarafobia salatzeko

Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak profil elebiduna kendu dio Zizur Nagusiko Udaleko obretako langileen lanpostu bati. Horren aurrean, alderdi politiko, sindikatu eta Zizurko hainbat elkarteekin batera, Nafarroako Euskalgintzak kalera ateratzeko deia egin du.

2024-ko urtarrilak 23

Elkarretaratzearen deitzaileek aipatzen dutenez, osotara 9 langile osatzen dute Zizurko obretako arloa, eta bakar batek zuen profil elebiduna, hots, espainieraz gain euskara jakin behar zen horietako batean. “Lanpostuko lana gauzatzen da, besteak beste, kalean, Olentzeroren eta erregeen ospakizunetan, San Joan bezperako suetan, ikastetxeetan, kultura etxean, Gaztetxean, eta, bistan da, badu harremana jendearekin”, azpimarratzen dute. “Hasiera batean Nafarroako Administrazio Auzitegian jarri zen errekurtsoa profil elebidun horren kontra, eta NAAk arrazoia Udalari eman zion: esan zuen guztiz legezkoa zela profil elebiduna”, diote deitzaileek. Baina Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpen horren aurka beste errekurtso bat jarri zen, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, eta kasu horretan Epaitegiak Udalaren kontrako epaia eman zuen.

Azken epai hori “erabat euskarafoboa” dela diote. Ebazpenean aipatzen da herritarrek eskubidea dutela Udalari euskaraz egiteko “baina eskubide horrek ez dakar berekin euskarazko ahozko eta idatzizko erantzuna jasotzea”. Euskaltzaleen ustez “sinestezina da” horrelakoak esatea Euskarari buruzko Foru Legeari kontra egiten diolako, eta gogora ekartzen dute Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak diona: “Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen aldeko neurri bereziak hartzea ez da hartuko eremu zabalagoa duten hizkuntzetako hiztunen aurkako diskriminazio-ekintzatzat”.

Otsailaren 8an, elkarretaratzea

Epaiak Zizur Nagusiko Udala zigortzen du kostuak pagatzera, eta hori “zigor ekonomikoa” dela diote otsailaren 8an kalera aterako direnek. Herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko “ezinbesteko oinarria” ofizialtasuna onartzea izango dela azpimarratu dute. Horrexegatik, elkarretaratzea eginen dute otsailaren 8an, 17:30ean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.

Gehiago