Otsailaren 23an beste greba egun bat deitu dute Nafarroako egoitzetan sektoreko sindikatu nagusiek
"Patronalen blokeoaren eta Nafarroako Gobernuaren pasibotasunaren aurrean" beste greba eguna deitu dute sindikatuek datorren asteazkenean. ELAk, UGTk, LABek eta CCOOk bat egin dute berriz ere Nafarroako egoitzetan lan-baldintza duinak eta kalitatezko zerbitzua eskatzeko.
2022-ko otsailak 17
Iazko maiatzean, mendekotasunaren sektoreko lau sindikatu nagusiek (ELA, UGT, LAB eta CCOO) proposamen bateratu bat aurkeztu zieten Nafarroako patronalei eta Gobernuari, Nafarroan hirugarren adinekoen zentroen sektoreko lehen hitzarmena sinatzeko.
Hitzarmen honek Nafarroako 70 zentro baino gehiagotan lan egiten duten dauden 4.500 pertsona baino gehiagoren lan-baldintzak hobetzeko balio beharko luke, baina adostasunik ez dago. Sindikatuen hitzetan, kalitatezko kontratazioak egitea, segurtasun eta babes-neurri eraginkorrak lortzea, sektorean putre-funtsak parte hartzea eragoztea zerbitzuen kudeaketa publikoa lortuz, sistemaren prestakuntza eta profesionalizazioa gauzatzea eta ikuskapenak indartzea ezinbestekoak dira zerbitzua eta langileen lan baldintzak hobetzeko.
“Patronalek negoziazioan ematen diren aurrerapausoak blokeatzen jarraitzen dute, eta, beraz, mobilizazioek aurrera jarraituko dute lan-baldintza duinak lortu arte eta mendekotasunari arreta emateko eredua aldatu arte. Zaintzaren kalitatea eta langileen lan baldintzak, patronalen interes ekonomikoen gainetik egon behar dira”, esaten dute sindikatuek.
Gogoratzen dutenez, diru publikoarekin sostengatzen den sektorea da hau, eta, beraz, “administrazio publikoek kalitatezko zerbitzuak emateko erantzukizuna beren gain hartu behar” dutela uste dute sindikatuek.
Otsailaren 23an beste greba egun bat deitu dute, eta Tuteran eta Iruñean mobilizazioak eginen dira.