Otsailaren 12an aurkeztuko dute Nafarroako Torturatuen Sarea elkarte berria Berriozarren

Otsailaren 12an, Nafarroako Torturatuen Sarea eratu eta elkarte gisa aurkeztuko da Berriozarko Musika Eskolan, goizeko 10.00etan. Nafarroan torturak eta tratu txarrak jasan dituzten pertsonak bildu nahi ditu Sareak ekitaldi honetan. Elkartea torturatu eta tratu txarrak jasan dituzten pertsonen bozgorailu izanen da, eta egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak lortzea izanen du helburua.

2022-ko urtarrilak 26

Data oso esanguratsua aukeratu du Nafarroako Torturatuen Sareak elkarte berria aurkezteko. Otsailaren 13an, Euskal Herrian Torturaren Aurkako Eguna ospatzen baita. Bezperan, Berriozarren egingo den ekitaldia Nafarroan torturatuak edota tratu txarrak jasan dituztenei zuzendua dago, eta haiekin Torturatuen Sareak etorkizunerako planteatzen dituen erronkak eta dinamikak partekatuko ditu. Ondoren, eta eragile sozial, politiko eta sindikal eta herrialdeko ordezkari instituzionalen aurrean, ekitaldi publiko bat egingo dute.

Torturatuen Sarearen arabera, Nafarroan 1.000 lagun inguruk sufritu dute tortura edota tratu txarrak, eta “torturaren inpunitatearekin amaitzeko garaia dela” uste dute. “Hamarkada luzeetako sufrimendua, sufrimendu ukatua, ukatua eta luzaroan jazarria ikertzeko garaia da”, gehitu du Sareak. Izan ere, elkartearen eskaera bat da Nafarroan torturak izan duen eraginaren inguruko ikerketa bat egitea instituzio publikoen eskutik, EAEn egin zen bezala. Hori lortzeko eta torturatuei babesa eta arreta emateko elkarte bezala eratu da Sarea. “Nafarroan torturatu eta tratu txarrak jasan dituzten pertsonen bozgorailu izateko elkarte gisa aurkezten gara. Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak nahi ditugu”.

Ekitaldia Berriozarko Musika Eskolan egingo da, otsailaren 12an goizeko 10etatik aurrera.

Gehiago