Osasungintzaren kolapsoa salatu eta osasun sistema sozialista bat aldarrikatu dute

Iruñerriko Kontseilu Sozialista elkarretaratzea egin du gaur Nafarroako Ospitalean osasungintzaren kolapsoa salatzeko eta osasun sistema sozialista baten alde.

2022-ko urtarrilak 14

Osasun sistemaren eta horko langileen egoera oso larria dela salatu du Kontseilu Sozialistak. “Osasun zerbitzuak murriztu dituzte azken boladan, eta COVID-19aren testuinguruan, gainezka daude ospitaleak. Prebentzioa, medikuntzan inbertsioa eta osasun langileen lan baldintzak indartu beharrean, birusari aurre egiteko neurri murriztaile eta errepresiboak hartu dituzte agintariek. Gainera, osasun esparruan jendea kaleratzen ari dira, eta lanordu amaigabeak ohiko praktika bihurtu dira. Lehen mailako arreta zerbitzu gero eta gehiago ere ari dira murrizten”, dio.

Egoera horren aurrean, osasun langileen eta baliabideen defentsa egiten dutela ziurtatu dute, eta kalitatezko osasun sistema baten norabidean kokatu behar dela gizartea. “Hori lortzeko, osasunaren esparruan ere proletalgoaren eta dirudunen artean dagoen segregazioarekin bukatu behar dugu. Izan ere, osasun sistema publiko eta pribatuaren artean dagoen banaketa, langileentzako oinarrizko zerbitzuen eta dirudunentzako medikuntza pribatu oparo, azkar eta efektibo baten artekoa da”, dio Kontseilu Sozialistak.

“Osasungintza publikoaren defentsa egiteak bi muga dauzka guretzako: aberatsentzako eta langileentzako zerbitzu ezberdinak egon behar direla onartzea dakar, egoera hori betikotuz; bestetik, gaur egungo sistema kapitalistaren barnean ez dago ez dirurik ez interesik kalitatezko osasun publiko bat finantzatzeko”.

Publikoa zein pribatua enpresa farmazeutikoen interesen menpe daudela eta eredu ekonomiko berari erantzuten diotela salatu du Kontseilu Sozialistak. “Horrenbestez, publikoaren defentsa egin baino, kalitatezko osasun baterako baldintza sozialismoaren eraikuntza dela uste dugu”.

Kontseilu Sozialistak “osasun sistema sozialista, unibertsala eta kalitatezkoa” aldarrikatu du.

Gehiago