Osasuna bermatuz eskoletara bueltatzea eskatuz errejistroan eskaria sartu dute Nafarroako hezkuntzako sindikatu guztiek
Nafarroako irakaskuntzan ordezkaritza duten sindikatuek, publiko zein itunpekoek, Nafarroako Gobernuak 20-21 ikasturtearen hasierarako aurkeztu duen prebentzio eta antolaketa protokoloa negoziatzea eskatuz Errejistro bidez eskaria egin dute.
2020-ko ekainak 30
Sindikatuen hitzetan “oraindik denbora badago Hezkuntza Departamentuaren proposamena nabarmen hobetzeko”. Baina, horretarako, “premiazkoa” jotzen dute “negoziazio-mekanismoak abian jartzea, ikastetxeetara segurtasunez eta bermeekin itzultzeko erronkari erantzun bideragarri eta integrala emateko”.
Pasa den astean, eta baita ere Hezkuntza Departamenduaren aurrean, sindikatu guzti hauek Nafarroako Gobernuak aurkezturiko protokoloaren zirriborro hori ez dela adostu eta ez direla kontuan hartu hezkuntza-komunitateko eragileen ekarpen nagusiak salatu zuten.
Sindikatuen ustez, proposamen honekin “ez da bermatzen irailean ikasgeletara modu seguruan itzultzea, eta ez du edozein hezkuntza-prozesutan funtsezkoa den inolako irizpide pedagogiko eta emozionalik aurreikusten”.
Departamenduak egindako proposamenak osasun-irizpideak baino ez dituela kontuan hartzen ere kritikatzen zuten. “Modu honetan segurtasuna eta irakaskuntzaren eraginkortasuna bermatzeko (ratioak jaistea, plantilla handitzea, espazioak planifikatzea, materiala hornitzea…) beharrezkoa den inbertsioa saihestu nahi” dutela nabarmentzen zuten.
“Hezkuntza Sailaren proposamenak, egoera horren kudeaketari dagokionez, ikastetxeetako zuzendaritzei eta irakasleei beraiei egotzi die bere gain hartu beharko lukeen erantzukizuna. Horrela, zuzendaritza eta irakasleei ez dagozkien funtzioak bizkarreratzen zaizkie, beren gehiegizko lan-karga areagotzen dute eta ondorio penalak ekar ditzakeen egoera batean kokatzen ditu”, esan zuten sindikatuek. Zentzu horretan, proposamen horrek irakasleen, ikasleen eta hezkuntza-komunitate osoaren baldintzen “okertze kritikoa” dakarrela salatu izan dute.