Oinarrizko eskubideak epaitzen ari direla ohartarazi dute auzipetuek
Beste 35 euskal herritar epaitzen hasi dira ezker abertzalearen izenean politika egiteagatik. Ukatu egin dute ETAren edota legez kanporatutako alderdi eta erakundeen izenean aritu izana.
2015-ko abenduak 4
Berria.info
Ez zutela ETAren agindurik jaso eta bete, ezta legez kanporatutako inorenik ere. Loturarik ez zutela haiekin. Ez bada euren ideologia ere ezkerrekoa eta abertzalea dela, eta haiek, beste edozein herritar bezala, haiei dagozkien eskubide zibil eta politikoak erabili zituztela. Hori da Espainiako Auzitegi Nazionalaren 04/08 sumarioaren barruan epaitzen ari diren 35 auzipetuetatik aurrenekoek esan dutena.
Gaur jarraituko dute deklaratzen, eta, besteak beste, Pernando Barrenak hartuko du hitza. Kazetariei atzo eginiko adierazpenetan, Barrenak azpimarratu zuen leporatzen dieten «delitu larriena» dela lan politikoa egitea eta bake eta normalizazio politikoari ateak irekitzea. Atzoko egunez bete ziren 45 urte Burgosko prozesua hasi zela, eta horrekin alderatu zuen haien aurkakoa. «Frankismoaren amaieraren hasiera izan zen, eta espero dugu epaiketa hau jarduera politikoagatik militanteak epaitzen diren azkena izatea».
Zigor eskaera handiei egin behar diete aurre auzipetuek. Fiskaltzak eta AVT eta Diginidad y Justicia elkarteek hamarna urteko espetxe zigorrak eta denbora bereko inhabilitazioak eskatu dituzte. ETAkoak izatea edo hari laguntza ematea leporatzen diete, orduan legez kanpokoa zen Batasuneko Mahai Nazionaleko kide izategatik edo legezkoak ziren ANVn eta EHAKn aritzeagatik. Froga gisa erabili dituzte, besteak beste, bi alderdi horientzako lan egitea, horien edo egiletza zehatzik ez duten agiriak edukitzea, ideologia jakin bateko pertsonekin biltzea, eta orduko egoera politikoari buruzko balorazioak eta proposamenak egiteko ekitaldi publikoetan parte hartzea.
Epaiketan hitza hartzen lehena izan da Haizpea Abrisketa. Aurore Martinekin batera Ipar Euskal Herriko beste auzipetua. Besteek bezala, hark ere bere abokatuen galderei erantzun die soilik, eta azpimarratu du bera ez dela inoiz Batasuneko Mahai Nazionaleko kide izan eta ez duela ETAren agindurik jaso. Azaldu du ezker abertzaleko militantea dela eta bere eskubideez baliatu dela lan politikoa egiteko. Baieztatu du EH koalizioarentzat lan egin zuela, Europako Parlamentuak kontratatua. Horrekin loturik, eta akusazioak dioen modura, aitortu du 2002an Jon Gorrotxategi Batasuneko kide ohiari diru kopuru bat eman ziola, baina azpimarratu du orduan legezkoa zela Batasuna, eta geroago jakin zuela, Gorrotxategi atxilotua zutenean, ETAko kide izatea leporatzen ziotela.
Behin parlamentukoak amaituta, azaldu du ez zuela beste lanik egin. Ezta EHAKrentzat ere. Bi bileratan parte hartzea leporatzen diote. Lehena, alderdi horren egoitzan. Han behin izan zela azaldu du, Europako instituzioen funtzionamendua azaltzean. Bestea, Seguran, 24 lagunekin batera atxilotu zutenekoa. Ukatu du Mahai Nazionala osatzen ari zirela.
Antzera mintzatu da Marisa Alejandro. Hari leporatzen diote Batasuneko idazkaria izatea, baina berak azaldu du soilik Joseba Permachena izan dela, eta zortzi hilabetez. Izaera politikoko jardunik ez duela inoiz egin.
Nuria Alzugaraik ere ukatu du legez kanporatutako erakundeetan aritu dela. Ekinekoa izatea leporatzen diote, eta Batasunekoa. Adierazi du horiekin harreman organikorik ez duela izan inoiz, eta ez duela horien bilera bakar batean parte hartu. Parte hartu duen agerraldietan, berriz, ezker abertzaleko kide gisa parte hartu duela adierazi du, ez inoren izenean; eta akusazioan azaltzen den agerraldian izan zela gatazka konponzteko proposamen bat plazaratzeko, ehundik gora pertsonarekin. Aitortu du, berriz, EHAKrentzako lan egin zuela, lan kontratuarekin. Atzemandako dokumentuak—bakarra eta egiletza zehatzik gabekoa; «Ekin-Batasunarena», dio akusazioak—, EHAK-ko kide gisa zuela azaldu du.
Arbitrariotasuna, agerian
Egoitz Apaolazak ere ukatu ditu haren aurkako akusazioak. «Ez naiz inoiz Batasuneko kide izan, ezta legez kanporatutako beste alderdi batekoa ere». Segurako polizia operazioan atxilotu zuten, errepide kontrol batean. Ordizian zela, Segurara eramateko eskatu zioten pertsona batzuek eta baiezkoa eman zien. Gaineratu du beste pertsona batzuek gauza bera egin zutela, baina haien aurkako akusazioak artxibatu egin zirela. Zehaztu du, halaber, haren guraroen etxean atzemandako eta ustez Ekinena den dokumentua ez dela berea, ez duela ezagutzen, eta horren gainean eskuz egindako eskemaren letra ere ez dela berea.
Aitor Aranzabalen kasuan, berriz, Batasuneko kide izatea leporatzen diote, baina berak ukatu egin du hori. Eskubide zibil eta politikoen jabe, «gaztetatik» ezker abertzaleko militante gisa jardun duela azpimarratu du. Horregatik izan dela hainbat bilera, elkarretaratze eta prentsaurrekotan.
Atxilotu zutenean, Eusko Legebiltzarreko langilea zen Aranzabal, EHAKren aholkularia, lurralde antolaketa eta ingurumen gaietan. Horretan aditua baita. ANVrekin, berriz, harremanik ez zuela izan adierazi du: zerrendak osatzeko bileretan ez zuela parte hartu. Akusazioak, baina, auzipetuetako batekin telefonoz izandako elkarrizketa batean emandako izenengatik lotzen du jarduera horrekin. Izen horiek beste zerbaiterako eman zituela esan du.
Alazne Arozenari, berriz, ETAri laguntzea leporatzen diote, ANVko diruzaina zela argudiatuz, baina berak ukatu egin du hori. Arozenak azaldu du inoiz ez dela ANVko militantea edo afiliatua izan. 2007ko hauteskundeak baino pixka bat lehenago hasi zela lanean alderdi horretan, haren familiak alderdiko presidentearekin zuen harremanengatik; hark eskatu ziola bozei begira laguntzeko, kontabilitate gaietan, horri buruzko ezagutzak dituelako. Arozenak ziurtatu du ez berak ez ANVk inoiz ez ziela Batasuna edota EHAK-ko kideei ordainketarik egin, eta inoiz ez zuela Batasuneko kideen agindurik jaso edota harremanik izan alderdi horrekin.
Karmele Aierbek, azkenik, ukatu du Batasuneko kidea zela eta leporatutako agerraldi eta bileretan parte hartu zuela. Batean izan ezik. Horretan ezker abertzaleko beste kide batzuekin batera izan zela adierazi du, hasi berria zen legegintzaldiari begira hausnartzeko, eta, zehazki, hizkuntza politikaz aritzeko, gaia gertutik jarraitzen duelako.
Akusazioak haren aurka erabiltzen dituen frogen artean ere azaltzen dira bere harreman pertsonalak eta prentsaurrekoetan parte hartzea. Esan du agerraldi horietan bere ideiak azaltzeko parte hartzen zuela, beste pertsona askorekin batera, baina ez ETAk edo Batasunak aginduta. «Komisarian esan zidaten prentsaurreko hori eman izan ez banu ez nindutela atxilotuko».