Oier Gomez azkena izan dadin, gizarte zibilari larunbateko manifestazioan egoteko deia egin dio Sare-k
Gizarte zibileko norbanako ezberdinek larunbatean Sare Herritarrak deitutako manifestazioa babestu dute. “Heriotza honek, badu zergatia: egungo espetxe politika eta giza eskubideen urraketa”. Gasteizko Udalak “elkartasuna eta babesa” adierazi dio Oier Gómezen senide eta gertukoei.
2019-ko otsailak 1
Larriki gaixorik zegoen Oier Gomez euskal errepresaliatu politikoa larunbatean hil zen, 04:30ean. Orain dela bi astetik ospitalean zegoen, haren osasun egoerak okerrera egin ostean, eta ordurako medikuek ohartarazia zuten preso ohiaren egoerak ez zuela hobera egingo. 35 urte zituen eta Gasteizkoa zen.
“Gasteiztarrontzat, asteburu lazgarria izan da”, adierazi dute Jose Ramon Lopez de Abetxuko preso ohiak eta Amaia Txurruka medikuak. “Herrikide bat hil zaigu, baina sufrimendu honek badu arrazoi bat: egungo espetxe politika eta giza eskubideen urraketa”.
Bozeramaileek argi dute: “Oierri espetxealdiak heriotza zigorra ekarri dio. Minbizia jasan duen edonork daki gaixotasunaren artatzea baldintza ahalik eta onenetan jasotzearen garrantzia zein den; senideen eta lagunen babesa gertu izanez, kasua ongi ezagutzen duen eta konfantza osoa duen mediku baten jarraipena jasoz eta gaixotasuna gainditzeko eta berari indarrez aurre egiteko baldintzak lagun izanik. Oierri, ordea, horretarako aukera ukatu zioten”, adierazi du medikuak.
Beste 21 kasu
Oier Gomezek bizitako egoera bera pairatzen dute oraindik beste 21 euskal preso politikok: esklerosia, eskizofrenia paranoidea, desoreka depresiboa, minbizia… “Larriki gaixo diren presoak ahalik eta artatze egokiena jasotzeko eskubidea dute. Pairatzen duten gaixotasuna gainditzeko ahalegin handiena eta aukera gehien izango dituzten baldintzetan artatze lanak jaso ahal izatekoa. Eta ez gaixotasunak atzera bueltarik ez duenean, sendaezina denean, kaleratuak izatekoa, horrek, heriotzera zigortzea suposatzen baitu”.
Horregatik, “Oier Gomez azkena izan dadin”, gizarte zibilari datorren larunbatean, otsailaren 2an, 17:00etan Gasteizko Iparralde Gizarte Etxetik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko gonbitea luzatu diote. “Larriki gaixo dauden presoen espetxealdia eten eta dagozkien baldintzetan euren gaixotasunari aurre egiteko artatzea jaso dezaten”.
Ekimenez betetako egunak
Asteazkenean, bi egunez beilatokia irekita egon ostean, Oier Gomezen gorputza ehortzi dute Miarritzen, omenaldi batekin lagunduta. Bueltako bidaian, babesa jaso dute senideek errautsak Arrasatetik igarotzerakoan.
Larunbatean manifestazioa deitu du Sare Herritarrak: 17:00etan hasiko da hau, Iparralde Gizarte-Etxetik. Eta, Gasteiztik kanpo, Galdakaon 13:00etan (Udaletxean) eta Donostian 12:00etan (Alderdi Ederren) ere mobilizazioak egongo dira.
Larunbatean ere manifestazioa deitu du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak. Azkenengo orduan, ordua eta lekua aldatu behar izan dute: 19:30ean abiatuko da, Andra Maria Zuriaren plazatik.
Igandea, otsailaren 3an, omenaldia Auzolana pilotalekuan 13:00etan.
Udal-adierazpena
2017ko udaberrian onetsitako mozio batean, Gasteizko Udalak erabaki zuen eskumena zuten Frantziako agintariei eskatzea presoaren egoera kontuan har zezaten, hau da, gaixotasun larri eta sendaezina zuela.
Ostegunean, berriz, Gasteizko Udalak “elkartasuna eta babesa” adierazi dio Oier Gómezen senide eta gertukoei: “Gaixotasun larriak dituzten presoek beharrezko diren tratamendua eta zainketak jaso behar dituzte. Beste edonork bezala, gaixotasunari ahalik eta baldintza onenetan aurre egiteko eskubidea dute, gainditu ahal izateko […] Gasteizko Udalak aktiboki lan egingo du Oier Gómezenaren antzeko kasurik berriro gerta ez dadin“.