Ofizialtasunaren aldarria Nafarroako hegoaldeko “azken bazterreraino ” eraman du EHEk
Gaur eguerdian "azken bazterreraino euskara ofiziala" izan behar dela aldarrikatzeko errepide mozketa egin dute Euskal Herrian Euskaraz taldeko kide batzuek, Bardeetan, Nafarroa eta Aragoi arteko mugan, Buñuel parean. Maiatzaren 13an, manifestazioa izanen da Iruñean.
2023-ko apirilak 22
“Azken bazterreraino” euskara ofiziala izan behar duela aldarrikatu nahi izan du EHEk ekimen honekin. “Euskaraz bizitzeko eskubidea honaino iritsi behar dela, legez aitortu behar zaigula”, azpimarratu dute.
Duela 36 urte, Vascuencearen Legea onartu zuen Nafarroako Parlamentuak, eta lege honek Nafarroa Garaiaren zonifikazio linguistikoa eragin zuen. “Iparreko eremu zehatz batean bizi bazara, baduzu eskubide aitortua euskaraz bizitzeko, administrazioarekin eta zerbitzu publikoekin euskarazko harremana izateko. Aldiz, lurraldearen zatirik handienean, eskubide hori ukatua duzu, legez. Guztiz bidegabea da”, salatzen du EHEk.
Lege honen atzean “euskararen normalizazio-prozesua geldiarazteko estrategia kontzientea” dagoela uste dute euskaltzaleek. “Gure hizkuntza, gure lurraldearen zatirik handienean, arrotz bihurtzeko tresna izan da”, gehitu dute.
Lege honek gobernu sozialistak, regionalistak eta “aldaketaren gobernua” izenekoa ezagutu ditu, eta ez batzuek ez besteak ez dute egiturazko jauzi esanguratsurik egin zonifikazioa gainditzeko bidean. “Aspertu gara jada. Ez gaude gure hizkuntza eskubideak, beste lau urtez, legez urratuak direla ikusteko eta bizitzeko prest. Ez dugu onartuko, beste behin, legealdiaren hasierako negoziazioetan euskararen ofizialtasuna lehen minutuan erortzen ikustea. Euskara Ofizial egin behar da Nafarroa Garai osoan”.
Euskararen Nafar Kontseiluaren eskaerarekin bat
EHEk Euskararen Nafar Kontseiluak egindako eskaerarekin bat egiten du eta euskaraz bizitzeko eskubidea legez aitortzea beharrezkoa dela deritzo. “Adostasun sozial hori sendoa dela agerikoa da, eta orain, aldarrikapena kalera ateratzeko garaia da”, dio EHEk. Horregatik, datozen bi larunbatetan elkarretaratze bana egingo dute legearen araberako beste bi eremuetan: apirilaren 29an Igantzin eta maiatzaren 6an Tafallan. Hauen ostean, Iruñean mobilizazio nagusia egingo da maiatzaren 13an.