Oberena, 75 urte dantza eta dantza

Abian dira Oberena dantza taldearen 75. urteurreneko ekitaldiak. Mercaderes kalean agerraldia egin zuen atzo dantza taldeak. 2016. urte hasiera arte luzatuko da ospakizuna, eta hilero ekitaldi bat izanen da. Hurrengoa beteranoen taldeak antolatu du.

2015-ko martxoak 23

Abian da. Oberena dantza taldeak 75. urteurrena ospatzeari ekin dio. Atzo Mercaderes kalean agertu ziren dantzariak, eta inguruan ziren iruindarrak harriturik geratu ziren haien dantzak ikusteko parada izan baitzuten. 11:30ean hiru musikari agertu ziren balkoi batean, eta gaita eta atabalarekin Otsagabiako sarrera jotzeari ekin zioten. Banaka-banaka kalean ziren dantzariak batu ziren, bertan zirenen begiradapean. Bukatzeko jota eta porrusalda dantzatu zituzten, eta urteurrenaren berri eman zuten. 
Hilero izanen dira ekitaldiak. Hurrengoa heldu den astean izanen da, ostiralean. Beteranoen taldeak Baztango dantzen emanaldi didaktikoa eskeiniko du Mendillorriko Civivoxen. 19:00etan izanen da, eta ikuskizuna doakoa bada ere, ordu bete lehenago hartu beharko dira sarrerak, leihatilan.
 
Ziudadelan eta Baluarten
Ekitaldi garrantzitsuenak ekainean eta 2016ko otsailean izanen dira. Ekainaren 20an emanaldi berezia eskeiniko du Oberena dantza taldeak Ziudadelan, eta ondoren, 26an, txikiek ere bertan dantzatuko dute. Izan ere, Oberena elkartearen urteurrenaren karietara, hainbat ekitaldi eginen dira han. Besteak beste, Oberenako artista batzuen lanen erakusketak izanen dira.
 
Horretaz gainera, aurten Dantzari Ttikien Jaia antolatuko du taldeak, bi urtean behin egin ohi den dantzari txikien topaketa. Aurten Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako taldeak ekarriko dituzte Iruñera. Maiatzaren 24ean izanen da hori.
 
Urteurrenari bukaera emateko dantza taldea Baluartera joanen da 2016ko otsailaren 20an. Han ikuskizun berezia eskeiniko du bere baitan biltzen dituen talde guzietako kideekin. Oberena elkartearen urteurrena 2015ean bada ere, dantza taldeak 2016ko urtarrilean beteko ditu urteak, eta horregatik luzatuko dira ospakizun ekitaldiak ordura arte.

Gehiago