Noaingo Bataila gogoan izan zuten Nafarroako etorkizuna erabakitzeko eskaerarekin

Jai giroa nagusitu zen larunbatean Noaingo martxan. Dantza eta musikarekin egin zuten ehunka lagunek ibilbidea, Ulibarrenaren oroitarritik Burgoen plazaraino. Nabarraldek antolatutako ekitaldiak bi xede izan ditu aurten: alde batetik, 1521eko Noiango bataila gogoratu zuten eta beste aldetik, 1515eko ekainaren 11an Gaztelak Nafarroaren konkista egin zuenekoa.

2015-ko ekainak 29

"Erreinu batek erabaki zuen beste erreinu baten etorkizuna eta horrek eragin zuen egoera juridikoak egun ere badu eraginik", hala adierazi du Angel Rekalde Nabarraldeko kideak. Gertatu zen hori egungo herritarrei kontatzeko modua da Noaingo martxarena, hala nabarmendu du Rekaldek: "Jende gehiagok parte hartzea gustatuko litzaiguke baina aurten jende asko hurbildu da martxara".

9:30ean Getzen elkartu ziren eta 10:00etan Ulibarrenaren oroitarritik ekin zioten martxari. Foruen plazan elkartu ziren 12:00etan eta ekitaldiaren amaiera Burgoen plazan egin zuten. Ortzadar dantza taldeak emanaldia eskaini zuen eta Atarrabiako musika-koralak Nafarroako Korteen kantua abestu zuten. Anaitasunan bazkaria egin zuten martxan parte hartu zutenek.

Makila bat baliatu zuten sinbolikoki erabakitzeko eskubidea nafarrena izan behar dela aldarrikatzeko. "Herritar askoren eskutik pasa zen makila, baita, gonbidatu berezien eskuetatik ere", azaldu zuen Beñi Agirre Nabarraldeko kideak.  "Aldaketa garaia iritsi da Nafarroara eta aukera hori ez da galtzen utzi behar", gaineratu zuen.

Joxe Ulibarrena eskultoregile beteranoa martxaren hasieran izan zen Getzen eta eguerdian Iruñeko ibilaldian parte hartu zuen.

Gehiago