Nekazaritza eredu jasangarri baten aldeko manifestazioa eginen da Iruñea apirilaren 27an

Nafarroako dozena bat nekazari entitatek elikadura subiranotasunaren aldeko eta nekazaritza eredu industrialaren aurkako deia egin dute Nekazari Borrokaren Nazioarteko Egunean, eta apirilaren 27an eginen den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute.

2024-ko apirilak 18

Apirilaren 27an, larunbatean, 17:30ean, Iruñeko Baluarte plazan egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute Nafarroako ekoizle txikien hamabi elkartek sektore sozialeko ehun erakunde baino gehiagoren babesarekin. Horien artean, kontsumo arduratsuko taldeak, sindikatuak, lurraldearen defentsarako erakundeak, mugimendu feminista, ekonomia soziala…

Salatu nahi izan dute “muturreko egoera” bizitzen ari dela nekazarien sektorean. “Azken 20 urteotan Nafarroan nekazaritza sektorea erdira murriztu da, alegia, 14.000 ekoizpen baino gutxiago eta 2.300 nekazari baino gutxiago ditugu gaur egun. Desagertze horrek, funtsean, gure ekoizpen-ereduari eragin dio, hau da, ekoizpen txikienei, dibertsifikatuagoei eta lurraldeari lotuagoei. Esate baterako, agerian dago abeltzaintza estentsiboa eta artzaintza desagertzen ari direla eta, bien bitartean, makrogranjen eredua etengabe hazten ari dela, batez ere esnetarako behietan, txerrietan eta hegaztietan, beti ukuiluan dauden animaliekin”.

Eredu intentsibo horrek landa-eremuan ondorio larriak eragiten dituela argi nahi izan dute. “Ingurunean, baliabide naturaletan (mindaz kutsatutako ura edo lurzorua, adibidez), kliman eta abarretan; baita abeltzainen eurengan ere, bizirik irauteko hazkunde eta zorpetze etengabea izatera behartuak baitaude, horrela, txikiak desagertuz eta enpresa gero eta handiagoetan kontzentratuz, non nekazaritzako langileen esplotazioa ere handitzen ari den, horietako asko migratzaileak”.

Nekazaritza-industriak bultzatzen duen ereduaren aurka agertu dira. Euren iritziz, abeltzainek “autonomia galtzen dute eta, gainera, ekoizpen horietako asko esportaziorako dira, txerriaren kasuan esaterako. Caparrosoko “Valle de Odieta” izeneko behitegia eredu horren izebergaren tontorra da, eta nekazaritza-politiken (Nafarroako Gobernuaren, Estatuaren edo Europar Batasunaren) funts publikoek lagunduta hedatzen ari da”.

Ekoizpen txikiak desagertzen ari diren bitartean, lurra gutxi batzuen eskuetan pilatzen ari dela salatu dute, eta horrek ere ondorio latzak dituela azpimarratu dute. “Gainera, zabaltzen ari den ereduak ez du landa-enplegurik sortzen, ez du ingurunea zaintzen, ezta gure osasuna ere; alderantziz. Nafarroan erabiltzen diren pestiziden erabilera, batez ere, herbizidena hazten ari da eta gure herrialdean, tratatutako azalera bost aldiz biderkatu da azken urteotan”.

Elikadura Subiranotasunaren Aldeko Manifestua

Ekoizpen-eredu horrek ez duela elikatzen eta ez duela elikatuko etorkizunean aurreratu dute. Horregatik, Nafarroako 150 entitatek Elikadura Subiranotasunaren Aldeko Manifestua sinatu dute, Nafarroan nekazaritzaren intentsifikazio prozesua gelditzeko proposamenekin. “Bertan, eskala txiki-ertaineko, bidezko, dibertsifikatutako eta nekazaritza ekologikoko eredu bateranzko trantsizioa sustatzen da, batez ere tokiko merkaturatzera eta tokiko kontsumora bideratua, prezio justuak izango dituena (bai ekoizleentzat bai kontsumitzaileentzat), kutsadura murriztuko duena, ekoizle txikiei lagunduko diena, burokrazia murriztu eta familiako nekazaritza-sektorearen eta landa-eremua desagertzea geldiaraziko duena”.

Gehiago