“Negu hurbilak” filma, errepresioaz ihes egiten duen neska baten historia, otsailaren 23an estreinatuko da

Euskal Herriko gatazkaren amaieran kokaturiko ihesaldi baten erretratu honek Jone Laspiur du protagonista nagusia, eta Euskal Herriko zine aretoetan ikusteko aukera izanen da ostiraletik aurrera. Iruñean, Golem Yamaguchi aretoetan.

2024-ko otsailak 21

Euskal Herriak bizi izan duen gatazka luzea amaitzear dago 2011n. Neska gazte bat ihesi doa. Helburu garbi bat dauka: muga pasatzea, bai baitaki, hala, bere jaioterritik, bere jaiotetxetik urrun eramango duela, bertan ez baitago seguru. Ihesean doala, Zubietara iritsiko da. Mugako herri horretan, antzinako mitoek eta gaur egungo gatazkak bat egiten dutela ematen du. Herriko etxe bateko ganbaran ezkutatuta, harria bezain mugigaitza den hango egunerokotasunaz jabetzen hasiko da.

Denbora lauso eta mugagabea igaro ahala, egunak gau eta gauak egun bihurtzen diren horretan, protagonistaren ihesa gero eta trakets eta korapilatuagoa bihurtuko da, eta behe-laino trinkoak erabat inguratuko du.

Negu Hurbilak, trailerra from Maluta Films on Vimeo.

Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko film hau Zubietan grabatu zen eta, hain zuzen, bertako herritarrak aritu ziren antzezle lanetan. Haiekin batera, Jone Laspiur -2021eko Emakumezko aktore berri onenaren Goya sariduna- izan zen aktore profesional bakarra, neska protagonistaren azalean.

Ekain Albite, Mikel Ibarguren, Nicolau Mallofré eta Adriá Roca zuzendariek osaturiko Negu Kolektiboaren lehen fikziozko lana da honakoa, eta Maluta films eta Cornelius Films izan ditu ekoizle.

Locarnoko (Suitza) Nazioarteko Zinema Jaialdiko Cineasti del Presente sailean -mundu osoko zuzendari hasiberrien lehen eta bigarren filmei eskainitako lehiaketa- izan zuen filmak mundu mailako estreinaldia, Epaimahaiaren Aipamen Berezia eskuratuta. Ordutik, beste hainbat zinemalditatik igarota osatu du bidea: SEMINCI – Valladolideko Nazioarteko Zinemaren Astean esaterako, non film luzeei eskainitako Punto de Encuentro sailean aritu zen, gaikako edo estiloko balioagatik garrantzi berezia duten fikziozko beste hainbat lehen edo bigarren filmekin batera.

Halaber, Epaimahai Gaztearen saria eskuratu zuen Madrilgo Márgenes Zinemaldian, eta Bartzelonako L’Alternativa jaialdiko Sail Ofizialeko lehiaren parte izan zen. Aurrera begira, Atenasko KINO – Zinema Independentearen Nazioarteko Jaialdian izango du hurrengo hitzordua.

Hori baino lehenago, Begin Again banatzailearen eskutik estreinatuko da filma otsailaren 23an, Hego Euskal Herriko zein Espainiar estatuko zinema-areto komertzialetan: Iruñea (Golem Yamaguchi), Donostia (SADE Princioe), Bilbo (Golem Alhondiga eta Multicines 7), Gasteiz (Florida aretoa eta Gorbeia Zinemak), Portugalete (Dock Cine), Errenteria (Niessen Aretoa) Oñati (Oñatiko zinema), Durango (Zugaza aretoa), Villabona (Gurea Antzokia), Doneztebe (Udaletxean), Zumaia (Aita Mari), Legazpi (Latxartegi Aretoa), Madril (Cineteca), Bartzelona (Zumzeig Cinecooperativa), Valladolid (Cines Brodway) .

Halaber, datozen asteetan, filma honako beste herri hauetan izango da ikusgai: Santiago de Compostela (Numax), Bergara (Seminarixoa), Leioa (Kultur Leioa), Amorebieta-Etxano (Zornotza aretoa), Arrasate (Amaia Udal Antzokia), Leitza (Udalean), Elgoibar (Herriko Antzokian), Derio (Gurea Aretoan) eta Igorre (Lasarte Aretoa).

Gehiago