NATO eta inperialismoaren aurkako mobilizazioa izanen da Bilbon martxoaren 11an

“NATO-EB ez! Euskal Herria antiinperialista!” mobilizazioa aurkeztu dute NATOren eta EBren aurkako Herri Ekimenak, Bardenas Ya-k eta Askapena-k, hainbat lagunen babesarekin. Martxoaren 11n eginen da Bilbon, eta 17.30etan Plaza Eliptikotik abiatuko da.

2023-ko otsailak 7

Azaldu dutenez, sistema kapitalistaren krisi testuinguru batean aurkitzen da mundua, eta “potentzia burges handiak kapitalaren metaketa prozesua birmoldatzen saiatzen ari dira langile klasearen aurkako erasoaldia areagotzen”.  Testuinguru honetan, non Estatu Batuen hegemonia ekonomiko, politiko eta militarra aldatzen ari den “Txina eta, neurri txikiagoan, Errusia beren eragin ekonomiko eta politikoa areagotzen ari dira munduan, eta horregatik ari dira potentzia atlantistak ofentsiba Ekialderantz garatzen, beren kontrolari eusteko”, deitzaileen hitzetan. “Testuinguru honetan kokatu behar ditugu inperialismo atlantistaren nahiz bere erakunde kriminal NATOren eta, nola ez, Europar Batasunaren mugimenduak”, diote.

NATOren papera ere “kapitalaren politikei aurre egiten dien edozeinen aurka egiteko adar militarra izatea” badela ohartarazi dute, eta horregatik ikusten dute beharrezkoa “burgesiaren aparatu politiko guztiak suntsitzea, Euskal Herriaren kasuan, bai Estatu espainola, bai frantsesa, baina baita Europar Batasuna ere; neurri ekonomiko eta errepresiogileei eta gerra inperialistei aurre egin nahi badiegu behintzat”.

“Herri langileon borroka aldarrikatzea dagokigu, eta batzea, inperialismoaren azken erasoaldiari aurre egiteko”, eta bide batez Donbasseko errepublikekiko elkartasuna adierazi diete.

“Euskal Herrian gertutik ezagutzen dugu zer irudikatzen duen NATOk: Bardeako poligono militarra, Gasteizko Arakako basean egindako ariketa militarrak, gastu militarra areagotzeko euskal alderdi eta instituzioek emandako babesa, eskubide murrizketak, oinarrizko gaien prezio igoerak, langile klasearen bizi baldintzen okertzea, errepresioa… Eta ezin dugu inolaz ere ahaztu NATOk bere garaian emandako babes logistikoa, Euskal Herriaren askapen borrokaren kontra diseinatutako estrategian. Azken urteotan, hainbat aldiz salatu da Santurtziko portua erabili izana gatazketara armak bidaltzeko, inperialismo atlantistaren mesedetara”, gogoratu dute.

Martxoaren 11ko mobilizazioa “NATO buru duen azken ofentsiba inperialistari aurre egiteko eta Euskal Herri antiinperialistaren aktibazioa aldarrikatzeko” hitzordua izanen dela azpimarratu dute.

Gehiago